Lanaren etorkizuneko lau mundu posibleak

24 October, 2017

PwC aholkularitzak txosten bat egin du lan-merkatuaren balizko eszenatokiei buruz.

 

Gure gizarteak hainbat joera handiri (hala nola, automatizazioa eta adimen artifiziala, biztanleriaren zahartzea, biztanleriaren kontzentrazioa hirietan, klima aldaketa) egin behar die aurre eta joera horiek eragina izango dute, zalantzarik gabe, enpleguaren etorkizunean eta beste hainbat arlotan. Prospektibako adituak bat datoz esatean etorkizun posibleak imajinatzea dela etorkizun desiragarrienetara aurrera egiteko modu onena, hala erronkei aurre hartzen zaie eta aukerak aprobetxatzen dira.

 

PwC aholkularitzak Workforce for the future: The competing forces zapping 2030 txostena egin du Oxfordeko Said Business School erakundearekin batera, non oinarritzat hartu baitituzte Indiako, Alemaniako, Txinako, Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako langileei eginiko 10.000 elkarrizketa. Azterlanaren helburua da jakitea nolako eragina izango duten joera handi horiek eta, batik bat eraldaketa teknologikoak, enpresetan eta lan merkatuan.

 

Hala, etorkizuneko lau eszenatoki lortu dira, bi ardatz posibleren gainean mugitzen direnak. Lehenengoa da enpresen zatiketa versus integrazioa; hau da, ekosistema bat, konpainia handien baldintza berdinetan lehiatzeko gai izango diren negozio txikiz osatua edo, kontrakoa, tamaina handiko enpresa gutxi batzuk, merkatuaren jabe izango direnak. Bigarrena da kontsumitzaileen eta langileen baloreei buruzkoa: ongia komuna, zeinaren arabera garrantzi handia ematen baitzaio erantzukizun sozialari, versus indibidualismoa eta norbere premiei erantzuteko joera.

 

Mundu Horiak enpresen zatiketa eta balore kolektiboak biltzen ditu. Mundu horretan, teknologiek aukera ematen diete ekintzaile txikiei beren negozio ideiak abian jartzeko, eta langile independentez osatutako ekosistema oparo bat dago, zeintzuk elkarrekin konektatzen baitira proiektu zehatzak gauzatzeko. Mikrofinantzaketa ongi errotuta dago kapitala eskuratzeko bide bezala, eta profesional zein kontsumitzaileek enpresen erantzukizun soziala lehenesten dute.

 

Mundu Gorria zatiketa eta indibidualismoa elkartzen dituen bidegurutzean dago. Ideia berritzaileak azkar sortzen dira eta azkar iristen dira merkatura, antolakundeak lehia bizian ari direlako kontsumitzaileei nahi dutena emateko. Plataforma digitalak oso garrantzitsuak dira enpresak eta talentua elkarrekin uztartzeko, eta nitxo oso espezifikoetako espezialista asko dago.

 

Hirugarrena Mundu Berdea da, non korporazio handiek baitute lan merkatuaren monopolioa eta protagonista bihurtzen baitira erantzukizun kolektiboa eta enpresen etika. Mundu horretan, teknologiak erabiltzen dira eraginkortasuna hobetzeko eta inpaktu ekologikoa murrizteko, bai eta mugatuak diren baliabideen eskasiaren arazoa konpontzeko. Lana gero eta malguagoa izango da, eta lan-baldintzak eta enpresako baloreak funtsezkoak izango dira talentua erakartzeko. Era berean, gero eta ohikoagoak izango dira boluntario korporatiboak.

 

Azkenik, Mundu Urdinak enpresa handien integrazioa eta indibidualismoa ordezkatzen ditu. Eszenatoki horretan, langile nukleo batek osatzen ditu konpainiak, eta premiak estaltzeko gaitasunak puntualki “erosten” dira. Langileen gaitasunak hobetu egiten dira teknologiari esker, baita maila fisikoan eta medikoan ere, eta konpainiek prestakuntza, osasun nahiz gizarte zerbitzuak eskaintzen dituzte langileentzat, sortzen dituzten datuak eskuratzearen truke.

 

Desberdintasunak desberdintasun, teknologia eta batez ere automatizazioa funtsezkoak dira eszenatoki guztietan, eta birformulatu egiten dute langileen papera. Lau mundu horietan ezinbestekoa da bizitza osoan zehar ikastea eta ikuspegi profesionala oinarritzea ez egiten den lanean, baizik eta lan oso desberdinetarako ateak zabal ditzaketen norbere gaitasunetan.

 

Workforce of the future report

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow