Lanaren etorkizuna: makina bidez handitutako gizakiak

16 November, 2017

 

Millennium Project think tank-a ikerketa bat egiten ari da lanaren etorkizunari buruz.

 

Teknologien hedapenak, batik bat adimen artifizialarenak, kezka handia sortu du, ez baitakigu makinek gizakion lan-eskua ordezkatuko duten eta nolako ondorioak izango lituzkeen horrek gizartean. Jerome Glenn-ek, Millennium Project ekimeneko zuzendari nagusiak, Future of work / Technology 2050 azterlanaren aurkezpen-hitzaldian esan zuenez, “60ko hamarkadan jende askok uste zuen Hirugarren Mundu Gerra batean sartuko ginela ezinbestean, baina ez da halakorik gertatu”. Prospektibako adituak esan duenez, “datu globalei erreparatzen badiegu ohartuko gara galdu duguna baino gehiago ari garela irabazten, beraz, ez dugu eskubiderik ezkor izateko, baina, bestalde, ezin dugu ezer egin gabe gelditu”.

 

Millennium proiektua prospektiba arloko think tank bat da, eta une honetan ikerketa bat ari da garatzen, jakiteko nola eboluzionatuko duen lanaren ekosistemak eta nolako inpaktua izango duten teknologiek etorkizunean. Jerome Glenn-ek Madrilen aurkeztu zituen azterlanaren lehen ondorioak, zeintzuen arabera datozen hamarkadetan aldatu egingo baita lanaren izaera. “Hemendik 25 urtera ez du funtzionatuko orain arteko kontratu sozialak, alegia, ikasi, lan egin eta erretiratzea helburu duenak. Beraz, sistema ekonomiko berri bat pentsatu behar dugu” adierazi zuen Millennium ekimeneko zuzendari nagusiak.

 

Azterlanak hainbat eszenatoki marraztu ditu, adibidez, gobernuek ezer ez egitearen ondorioz sortutako egoera bat, gatazka ekonomiko eta sozialez josia, edota beste etorkizun gustagarriago bat, non pertsonek benetan maite dutena egin dezaketen. Glenn-en arabera, eszenatoki horretan, gobernuek aurrea hartu diote adimen artifizialaren inpaktuari, eta hala, ongi funtzionatzen duten oinarrizko diru-sarrera unibertsaleko sistemak aplikatu dituzte. Oinarrizko diru-sarrera horri esker, pertsonek auto-enplegurako estrategia berriak bila ditzakete, gustuko dutenari balioa eman eta ogibide bihurtzeko.

 

Think tank-ak hiru motatako adimen artifizialak bereizten ditu. Lehena estua da, non gailuek helburu bakarra baitute, eta multzo horretan sartzen dira gaur egun garatzen ari diren dispositibo asko. Bigarrena adimen artifizial orokorra da, eta gai da arazoei autonomoki erantzuteko. Eta hirugarrena, berriz, super-adimen artifiziala da, hau da, geure helburuak kontuan hartu gabe bereak finkatuko lituzkeena.

 

Millennium proiektuko zuzendari nagusiak azaldu duenez, oraindik ez dakigu ongi zein norabide hartuko duen etorkizunak, baina dagoeneko aprobetxa ditzakegu teknologiek eskaintzen dizkiguten aukerak gure adimena hobetzeko, ez bakarrik makinena. Zentzu horretan, Glenn-ek adibide bezala jarri zuen Elon Musk, zeina ikerketa bat zuzentzen ari baita garuna ordenagailuei konektatzeko. Funtsean, adimen artifizialaren potentziala aprobetxatu nahi du gure gaitasunak hobetzeko, eta horrela, etorkizunean ere beharrezko izaten jarraitzeko.

 

Millennium Project ekimenak 60 gune baino gehiago dauzka mundu osoan, eta Prospektiker da Estatuko gune nagusia. Think tank-ak sektore desberdinetako adituen iritziak bildu ditu etorkizunari buruzko ikerketa hau egiteko, eta praktikan jarri du adimen kolektiboa. Estatu mailan, Prospektiker gunea ere lanean ari da Espainiaren erronka espezifikoei buruzko txosten bat egiteko. 2018aren hasieran argitaratuko da azterlana, Telefónica Fundazioaren laguntzarekin.

 

Future Work / Technology 2050 ikerketaren aurkezpena

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow