Lan mundua euskalduntzeko Kontseiluak martxan jarritako Euskaragiletu programarekin bat egin du SPRI Taldeak

11 ekaina, 2018

SPRI Taldeak Kontseiluarekin bat egin du Euskaragiletu programaren hedapenean laguntzeko. Programa honen helburua da euskararen normalizazioan aurreratuta dauden enpresen esperientzia gertutik ezagutu eta euskalduntzean urratsak ematen hastea.

 

 Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia emateko abagune aproposa dela eta, Euskaragiletu egitasmoa jarri du martxan Kontseiluak. Dagoeneko euskalduntze-prozesu aurreratuak dituzten enpresen eta euskararen normalizazio-prozesuan urte luzez murgildutako enpresen esperientziaz mamitzeko eta euskaragiletzeko aukera ematen du programa honek.

 

Euskara plana hobetzeko edo sortzeko asmoa duten enpresei edo euskalduntzean zailtasunak dituzten enpresei begirako proiektua da. Enpresa horiek Euskaragileak diren enpresetara bisitak egingo dituzte eta esperientzia hori baliatuko dute, ondoren, beren enpresetan euskararen normalizazioan bide egiten hasteko.

 

SPRI Taldeak ekimen honekin bat egitea erabaki du, bere komunikazio euskarri desberdinetatik programa ezagutzera emateko eta enpresak euskaragiletzera animatzeko.

 

Bi bisita mota

Enpresa motaren araberako bisitak antolatuko dira. Enpresak bi multzotan banatu dira: A multzokoak, euskara plana badutenak, eta B multzokoak, euskara-plana ez dutenak. Euskara-plana duten enpresek errealitate horretatik pasa diren beste enpresa batzuk ezagutuko dituzte eta esperientzia trukaketa horretan laguntza eta aholkuak jasoko dituzte. Euskara-plana ez duten enpresek euskaragileen normalizazio-prozesuaren onurak eta etekinak ezagutuko dituzte, ondoren, nahi izanez gero, prozesu horri ekiteko.

 

A multzokoen bisitek 2:30 orduko iraupena izango dute.  Euskaragile den enpresaren euskara-planaren lanketa eta bilakera ezagutuko dituzte, besteak beste. B multzokoen bisitak pittin bat laburragoak izango dira, 2:15 ordu iraungo baitute. Euskara-planak sakontasunean ezagutu ordez, bisita hauetan, planaren onurez  hitz egingo da. Eusko Jaurlaritzaren laguntza du proiektuak. Bi bisitetako bat egiteko aukera aprobetxatu nahi duenak, formulario honetan eman dezake izena

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow