Teknologien alderdi biguna

12 May, 2016

Uztailaren 11tik 13ra UPV/EHUk Teknologia Bigunei buruzko ikastaroa antolatuko du udako ikastaroen barruan.

Teknologiak deitzen zaie gizakiaren eboluzioa ahalbidetu duten ezagutza aplikatuei, hasi gurpiletik eta Internetera haririk gabe konektatzeko sareetaraino. Normalean makinekin edo azpiegiturekin erlazionatzen ditugu, baina teknologia terminoak bere baitan hartzen ditu baita ere antolatzeko moduan eragina duten ezagutza, teknika edo prozesuak, hots, elkarrekin erlazionatzeko eta komunikatzeko moduak aldatzen dituztenak.

UPV/EHUren Udako Ikastaroen XXXV. edizioan Teknologia Bigunak izeneko ikastaroa antolatu da, non teknologia horiek guztiak esploratuko baitituzte ikuspegi sozial, politiko, ekonomiko eta artistikotik. Ikastaroaren helburu nagusia da aztertzea zer diren teknologia bigunak eta zein toki duten gure bizitzetan. Horretarako, kasu zehatzak aztertuko dituzte, eta gero, teknologia horiek erabiltzeko eta hackeatzeko beste modu batzuekin esperimentatuko dute, gizartea eta kultura eraldatzeko. Jardunaldien bultzatzaileek adierazi dutenez, “teknologia gogorrek aukera ematen digute materialak eraldatzeko eta baliabideak, produktuak eta azpiegiturak eskuratzeko; eta bigunek, aldiz, pertsonen eta inguruneen arteko harremanak eraldatzeko”.

Ideatomics eta Colaborabora erakundeek antolatutako ikastaro honetan, hitzaldiak eta saio praktikoak eskainiko dira Saioa Olmo, Txelu Balboa, Amador Fernández-Savater eta Jaume Ferrete adituen eskutik. Jardunaldi hauek beraizik zuzendurik daude teknologiak diziplina anitzeko ikuspegitik -dela gizarte zientzienetik, praktika artistikoenetik, berrikuntzaren kudeaketarenetik, gizarte eta politika ekintzarenetik, eta abarretik- jorratu nahi dituzten guztiei.

Saioak izenburu bereko ikerketa zabalago baten barruan kokatzen dira, zeinak helburutzat baitauka teknologia bigunak ikusaraztea (zein motatakoak diren, zein paper duten gizartean, e.a.). Ikerketa kolektiboko prozesu baten bidez, proiektu horrek alderdi ukiezinak jorratuko ditu, hala nola, ezagutzaren produkzioa, ikaskuntzaren garapena, sorkuntza ereduak edo komunikatzeko erak. Saioa Olmok eta Colaborabora erakundeak bultzatu dute Tecno_blandas ikastaroa UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearekin eta Tabakalerarekin batera.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow