Histamina neurtzeko Biolan enpresaren bio-sentsoreak nazioarteko ziurtagiria eskuratu du

13 June, 2016

AOAC PTM ziurtagiria lortu ondoren, Biolan-en bio-sentsorea mundu mailako erreferentziazko tekniketako bat da arrainaren histamina neurtzeko.

 

AOAC Research Institute-ek AOAC® Perfomance TestedSM ziurtagiria (051604 lizentzia) eman dio Biolan enpresari mota guztietako arrain-laginetan (arrain gordina, egosia, kontserbakoa eta gazitua) histamina detektatzeko.

 

Histamina, zeinaren gehieneko mailak EBko legediak arautzen dituen, funtsezko parametro bilakatu da produktuaren kalitatea eta freskotasuna neurtzeko, eta berak sortzen ditu hain zuzen elikagaietako alergenoek eragiten dituzten bezalako intoxikazioak.

 

Biolan-ek histamina neurtzeko garatu duen metodoak, orain mundu osorako aintzatespena lortu duenak, bio-sentsore entzimatiko bat baliatzen du, BIOFISH 300 analisi-dispositiboan integratuta dagoena; ekipo txikia da, eta arrainak edo haren eratorriek duten histamina maila neurtzen du zehatz, erraz eta azkar. Biolan enpresaren bio-sentsoreak elkarrekin konbinatzen ditu entzima espezifikoen espezifitate eta selektibitate maila handia, eta seinalea erraz detektatu eta kuantifikatzeko transdukzio anperometrikoa.

 

AOAC Research Institute erakundeak eginiko zertifikazio azterketak frogatu du Biolan enpresaren bio-sentsoreak sentsibilitate fidagarria duela, egun erreferentziazkoak diren metodo ofizialen parekoa, adibidez, kromatografia likidoarena (HPLC). Metodo horiek, baina, luze jotzen dute, kualifikazio handiko langileak behar dituzte eta inbertsio handiak; horregatik laborategi espezializatuetan egiten dira gehienbat. Aldiz, Biolan enpresaren bio-sentsoreak modu fidagarri, sinple eta azkarrean neurtzen du histamina maila, eta kostu onean gainera; horri esker arrainaren industriak aukera du kontrol propioak egiteko.

 

Ziurtagiri hori beste aitorpen bat da Biolan enpresaren ibilbidean, gaur arte garatu duen teknologiaren fidagarritasunaren berme onena, eta bere produktuen katalogoa areago indartzen duen produktua. Biolan-ek posible du orain ziurtagiria hedatzea beste elikadura matrize batzuetara eta  sulfitoa, laktosa eta antzeko parametroak detektatzen dituzten beste bio-sentsore batzuetara.

 

Mota guztietako arrainetan (gorrina, egosia eta kontserban jarria) histamina detektatzeko metodoa 10-200 mg/kg kuantifikazio tartearekin baliozkotu da, eta arrain gazituaren kasuan, 30-150 mg/kg tartearekin, biak hala biak bat datozelarik indarrean dagoen legeriarekin.

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow