Hirugarren Sektore Sozialaren Legeak euskal antolakundeen lana aitortzen du

29 June, 2016

Lege horren xedea da sektorea indartzea eta lankidetza bultzatzea.

 

Euskadin badaude 3.500 antolakunde inguru hirugarren sektore sozialean lan egiten dutenak, eta antolakunde horietan 35.000 enplegatu eta 125.000 boluntario baino gehiago daude. Guztira, Euskadiko BPGaren %2 ordezkatzen dute, nahiz eta gizarteari egiten dioten ekarpena askoz harago doan hainbat arlotan, hala nola gizarteratzean, esparru sozio-sanitarioan, hezkuntzan edo enpleguan.

 

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legea aurkeztu zuen ekainaren 27an. Sektorea erregulatuko duen arau horrek helburutzat dauka berau indartzea eta antolakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza bultzatzea. Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Ángel Toñak azpimarratu zuenez, lege berriaren helburuak dira “sektorea erregulatzea, sektorekoa nor den eta nor ez identifikatzea, oinarritzat dituen baloreak ezartzea eta gizarte politiken diseinuan eta exekuzioan izan behar duen papera zehaztea”.

 

“Lehen ez geneuzkan gaitasun legala eta izena emango dizkigu”, azaldu du Gonzalo Rodríguezek, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Sareko, hots, Sareen Sareko presidenteak; “aldi berean, gizarte eredu bat sendotuko du, zeinetan kolektibo, errealitate eta ekimenen arabera antolatutako hiritarrek balioa hartuko duten eta ekarpen handiak egingo dizkioten gizarteari”. Rodríguezen esanetan, lege berriak funtsezko aurrerapen bat dakar, estatus legala ematen dielako hirugarren sektore sozialeko erakundeei.

 

Hona hemen, araudiak berekin dakartzan neurri garrantzitsuenak: sektorea, berau osatzen duten antolakundeak eta beren ezaugarriak definitzea eta printzipioak eta tresnak ezartzea hirugarren sektore sozialak erakunde publikoekin eta beste eragile batzuekin kolaboratu dezan. Legebiltzarrak maiatzean onartutako lege honek hainbat mekanismo ezartzen ditu Euskadin hirugarren sektorea aitortu eta sustatzeko.

 

Esparru ekonomikoan, Eusko Jaurlaritzak 5,08 milioi euroko partida onartu du 2016an babesa emateko hirugarren sektore sozialeko antolakundeek egiten dituzten jarduerei, bai pertsonekin, familiekin, talde eta komunitateekin eginiko proiektuei eta bai elkarte-sarea indartzera bideratutakoei.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow