“Metxa” proiektu ekintzaileen azeleragailuak martxan jarri du bere bigarren deialdia

3 August, 2016

Bere lehen edizio arrakastatsuaren ostean, Metxak bigarren deialdi bat egin du orain, datorren urtean azelerazio programan parte hartuko duten proiektuak aukeratzeko. Proposamenak aurkezteko epea urriaren 31n amaitzen da; behin aztertuak izan ondoren, lehen hautaketa bat egingo da proiektuak aurrez aurre aurkeztu ditzaten. Hautatuak diren ekintzaileak urtarrilean hasiko dira tutoretza saioetan.

Hautagaitzak urriaren 31ra arte aurkeztu daitezke, eta hautatu bakoitzeko egingo den gehieneko inbertsioa bikoiztu egin da, 200.000 eurora iritsi arte.

 

Metxan sartzeko bi baldintza bete behar dira: 18 urtetik gorakoa izatea, eta enpresa proiektu bat nahiz martxan dagoen 5 urtetik beherako enpresa bat edukitzea. Horrez gain, bereziki baloratuko da negozio eredu bideragarri, eskalagarri eta berritzailea izatea bere sektorearen barnean, mugarri zehatzak izatea (erabiltzaileak, fakturazioa, e.a.) eta fundatzaileetako batek gutxienez %100eko dedikazioa izatea proiektuan. Edozein gai onartzen da, ez dauka teknologikoa izan beharrik.

 

Lehen prozesuko “babestuek” bezalaxe, bigarrenean hautatzen diren proiektuek azelerazio programa batean parte hartuko dute, baina oraingoan iraupena luzatu egin da zortzi hilabetera; epe horretan, eskura izango dituzte hainbat arlotako tutoreak, lan egiteko espazio bat, networking-a, gerorako laguntza, lege arloko laguntza eta diru-laguntzak eskuratzeko orientazioa. Gainera, inbertsio ekonomikoa bikoiztu egin da. Aldi honetan finantziazioa 200.000 eurorainokoa izan daiteke.

 

Lehen deialdian 52 hautagaitza jaso ziren, gehienak Arabakoak (18, %34,5), Bizkaikoak (10, %19,2), Gipuzkoakoak (6, %11,5), eta Burgos eta Madrilekoak (3, %5,7 bakoitzak). Proiektuen %42 fakturatzen hasiak ziren; %55en kasuan, euren sustatzaileek aurten edo iaz abiatu zuten proiektua; %17an, berriz, zuzendariak emakumeak ziren, nahiz eta askoz proiektu gehiago egon sortzaile taldean emakumeak dituztenak. Aurkeztutako proiektuen %75 teknologikoak ziren, %15 industrialak, eta gainerakoak zerbitzu, ostalaritza eta nekazaritza eta elikadura sektoreetakoak.

 

Metxak lau proiektu aukeratu zituen, eta, batez beste, 75.000 euroko inbertsioa egin du horietako bakoitzean. Proiektu horiek dagoeneko murgilduta daude sei hilabete iraungo duen azelerazio eta tutoretza programan:
http://www.spri.eus/es/blog/emprendimiento-metxa-seleccionados-primera-convocatoria

 

 

Euskal inbertitzaileak

Metxa dugu teknologia berriekin lotutako ekimenetara edo “start-up”etara esklusiboki bideratua ez dagoen lehenengo “ekintzaileentzako proiektu-azeleragailua”. Gasteizen dago kokatuta, eta helburutzat du ipar eremuko -Euskadi, Errioxa, Kantabria, Nafarroa, eta Gaztela eta Leongo ipar-ekialdea- edozein sektoretako proiektu berritzaileak bultzatu, zaindu eta finantzatzea (enpresaren akzioetan parte hartuz).

Ekimen hau enpresa-munduan ibilbide luzea egina duten euskal inbertitzaileek bultzatzen dute, zeintzuk espezifikoki elkartu baitira proiektu honetan ideia interesgarriak bultzatzeko. Diziplina anitzeko tutore talde bat ere badu, eta tutore horiek aktiboki inplikatzen dira proiektuan, ekintzaileei prestakuntza eta tutoretza emateko.  

Info+: www.metxa.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow