KOREN: “Lantaldeak izan behar du zure babes handiena eta lan-tresna garrantzitsuena”

21 May, 2016

LEINNen  (Lidergoa, Ekintzailetza eta Berrikuntza) barruan daude. LEINN da Espainian ekintzailetzari buruz egiten den nazioarteko unibertsitate-gradu ofizial bakarra. Finlandiako hezkuntza-metodologia berritzaileenetako bat garatzen dute, funtsezko hiru zutabetan oinarritua dagoena: Eginaz ikasi, Taldean ekin eta Nazioarteko ikaskuntza-bidaiak. 

Duela urte pare bat gradu horretako hamabost gaztek KOREN sortu zuten, “lider eta ekintzaile bezala arituz, antolakunde horretan jakintza sortzen dugu etengabe eta modu berritzailean, eta gure gaitasunak ikuspegi global batekin garatzen ditugu, gizartean ere inpaktua eraginaz”. 

 

 

Karrera dibertigarria aukeratu duzue: lehen urtetik bertatik enpresa bat sortu behar duzue…

Karrera guztiz desberdina da. Ez dugu sinesten hezkuntza-sistema tradizionalean, horregatik, ez gara ikasgela batean esertzen irakasleari entzuteko, karrera gehienetan egiten den bezala. Badauzkagu “basic subjects” edo oinarrizko klase teorikoak, esaterako, kontabilitatea, estatistika, service design, txinera… baina taldea bera da gure ikaskuntza-tresna nagusia; uste dugu oso tresna garrantzitsua dela, eta ez da beti erraza taldea gobernatzea. Ikasketa bidaia bat egiten dugu urtero. Lehen mailan, Finlandiara, bigarrenean, San Frantziskora eta hirugarrenean, Txina eta Indiara. Ikasturtea gainditzeko, hainbat emaitza lortu behar ditugu: irabazi ekonomikoak izan taldeko proiektuen bidez, irakurketa-puntuak eta bisitak egin hobeto ezagutzeko bezeroak eta “rocket model” puntuak. “Rocket model” ebaluazio-eredu bat da, graduan bertan sortua, zeinaren bidez hainbat alderdi neurtzen baitira: talde-lana, erabilitako marketina, “learning journey” edo ikaskuntza-bidaietan ikasitakoa…

 

 

Gainera, ez dituzue ohiko irakasleak, baizik eta zuen gaitasunak eta trebeziak entrenatzen laguntzen dizueten pertsonak.

Lehen aipatutako “Basic Subjects” horietan baditugu irakasleak, eta urte osoan dugu gure Coach-aren laguntza. Coach-ak gure bidaian laguntzen digu, aholkuak ematen dizkigu hartu beharreko bideari buruz, baina ez du erabakietan parte hartzen. Oso interesgarria da gure akatsetatik ikastea, guk hartzen baititugu erabaki guztiak.

 

 

Are gehiago, ez zarete ikasleak, baizik eta “Teampreneur” bezala izendatu duzue zuen burua, hau da, lantaldeak eta talde-lanak.

Esan bezala, taldea bera da gure ikasketa-tresna nagusia. Talde horrek laugarren mailara arte irauten du, eta enpresarekin jarraitzea erabakiz gero, hura utzi arte.
Gure kasuan, bigarren ikasturtean hasitako 15 laguneko taldea mantentzen dugu zorionez; talde gehienek kideak galtzen dituzte bidean, arrazoi desberdinak direla medio.

Lantaldeak izan behar du zure babes handiena eta lan-tresna nagusia, baina dagoeneko ikusi dugu beti ez dela erraza. Lantaldeak izan behar du helburu nagusia.

 

 

Zerbitzu pertsonalizatuak sortzen dituzue bezeroarekin batera, “beti malgu jokatuz bi alderdientzat onuragarria izango den akordio bat lortzeko”.

Uste dugu bezeroarekin batera lan egin behar dela, ez bezeroarentzat. Gure enpresan askotariko proiektuak dauzkagu hainbat esparrutan, hala nola hezkuntzan, teknologian, zerbitzuetan eta nazioartekotzean. Proiektuarekin lanean hasi baino lehen, hainbat tresna erabiltzen ditugu gure “target” edo balizko bezeroaren iritzia ezagutzeko, eta haiekin ko-sortuz, modu sakonagoan garatu ahal izateko. “Win to win” harremana sortu nahi izaten dugu, alderdi biak irabazten atera daitezen. Esperientzia oro, positiboa nahiz negatiboa, ikaskuntza prozesuaren parte da, eta horrela egiten dugu aurrera ekintzaile gisa.

 

 

Bidaiatzea ezinbestekoa da berrikuntzari eta ekintzailetzari buruzko prestakuntza jasotzeko

Lehen mailan, Finlandiara joan ginen, talde gisa egin genuen lehen bidaia izan zen. Jarduera oso interesgarria izan zen, aukera izan genuelako enpresa eta lantalde desberdinak bisitatzeko: app campus, Fazzer, Windows…  Bestalde, hainbat proiektutan lan egin genuen. Gure lantaldeko kide batzuek tokiko produktu bat esportatu zuten, eta arrakastaz gainera. Bidaia oso interesgarria izan zen, baina ezin da alderatu, adibidez, aurten San Frantziskora egin dugunarekin. Bigarren honetan ere, gure taldeko kide batzuk nazioartekotze arloan zentratu ziren, baina benetan interesgarriena izan zen bertatik bertara ezagutu genituela benetako startup-ak sortu dituzten gure adineko gazteak, enpresa horiek laguntzarik gabe abiarazi dituztenak. Bestalde, bisitatu genituen baita ere Google, Apple, Airb&b, Stanford unibertsitatea, eta abar.

 

Onartu beharra daukagu, “learning journey” horietan egiten ditugun bisitak eta egiten ditugun proiektuak alde batera utzita, oso gogoko dugula ikustea taldearen eta taldekide bakoitzaren bilakaera. Bizikidetza eta egunerokotasuna ez dira errazak, baina bai oparoak.

 

 

Zuen proiektu batzuk (Oktoberfest, STAY, American Dream…) zeuon kezkei erantzuteko sortu dira.

Aurrera egiteko bai prestakuntzan eta bai enpresan, hainbat erronka lantzen ditugu. Proiektu esperimental asko dauzkagu, baina, oraingoz, hauek dira fruitu gehien eman dituztenak:

-Oktoberfest: Finlandiako bidaian sortu zen proiektu bat da, non otu baitzitzaigun garagardo azoka bat antolatzea. Buruan generabilen ideia hori egia bihurtu da, eta dagoeneko antolatu dugu lehen azoka; Durangon egin zen azaroaren 21ean. Gaur egun lanean jarraitzen dugu, edizio gehiago egiteko eta beste herri batzuetara ere zabaltzeko.

-Stay: proiektu honetan merkatari elkarte desberdinekin lan egiten dugu, antolatzen dituzten ekitaldiak hobetzeko.

-American Dream: Euskal Herriko 15-18 urte bitarteko ikasleak hilabeterako Estatu Batuetara eramateko programa bat da; hiru astez familia batekin egoten dira, eta astebetez berriz, kanpaldi batean. Hizkuntzaren bidez nazioarteko harremanak sustatzea da programa honen helburua.

 

 

Eta baduzue emaitza onik?

Egia esan, proiektu horiek dezenteko arrakasta izan dute, seguru asko lan ona egin dugulako eta bezeroa gustura gelditu delako, eta oso harro gaude. Argi dago arrakasta horretara iristeko akats asko egin ditugula bidean, eta proiektu bat baino gehiago itxi behar izan ditugu. Denetatik ikasi dugu zerbait, eta talde gisa hazten lagundu digute.

 

 

15 tempreneur zarete, esan gutxienez 15 hitz azaltzeko zergatik merezi duen esperientzia honek.

Esperientzia, Enpatia, Taldea, Adiskidetasuna, Lana, Nazioartea, Ametsak, Pertseberantzia, Komunitatea, Kezkak, Errealitatea, Ikaskuntza, Jakintza, Lidergoa, Ekintzailetza, Zintzotasuna.

 

 

Hona hemen KOREN taldekideak: Alain Madina, Ane Fernández De Arbina, Daniel Mayora, Gaizka Tena, Jon Iraurgi, Jone Agirre, Maialen Mendizabal, Marc Raluy, Marta Téllez, Miguel Bernar, Mikel Ferreiro, Mikel Larrayoz, Mireia Isazelaia, Miren Anduaga, Uxue Sanz.

AURRERA, TEAM!!

Koren Taldea Equipo Leinn

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow