Koopera Upcycling ekimenak pieza bakar bihurtzen ditu hondakinak

1 April, 2016

Proiektuak bizitza berri bat ematen die objektuei eta, aldi berean, enplegua sortzen du bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat.

Koopera-Gizarte Ekintzako Kooperatiba Sareak bultzatutako Upcycling proiektuak zaborrontzietara botatzen diren produktuak aprobetxatzen ditu eta pieza berri eta bakar bihurtzen ditu. Upcycling edo supra-birziklapen izena eman diote prozesu horri, izan ere, produktu berri bakoitzak balio erantsi bat du, bai sorkuntza aldetik eta baita maila sozialean ere.

“Upcycling kontzeptuak esan nahi du formula berriak bilatzea objektuak birziklatzeko”, azaldu du Ana Belén Cabrerak, proiektuko diseinu arduradunak; “oro har, birziklapen proiektuek moteldu egiten dute materiala suntsitzeko zikloa, baina guk zirkulaziotik kanpo dagoena berreskuratzen dugu eta bizitza berria ematen diogu, diseinuan zentratutako balio erantsiarekin”. Proiektu hori irailean jarri zen martxan, eta harrezkero bakarrak diren objektuak egin dira: binilozko disko bat edo bizikleta baten gurpila erabiliz eraikitako hormako ordulariak, argazki kamera zaharrez egindako lanparak eta maleta zaharrez eginiko altzariak.

 

Koopera Upcycling Etsy

Koopera Upcycling Etsy

 

Diseinuak Koopera ekimeneko lantaldeak egiten ditu, gero Cáritaseko lan-aurreko tailerretara eramaten dira, eta han bazterkeria sozialeko arriskuan dauden pertsonek eraikitzen dituzte produktuak prestakuntza-prozesu baten barruan. Hala, lanerako aukera berriak sortzen dira. “Ikerketa prozesu bat egin dugu, pieza bakoitza berezia izan arren, objektuak seriean fabrikatu ahal izateko” azaldu du Ana Belén Cabrerak.

Gaur egun, Upcycling Koopera proiektuko taldea Valentziako Goi-mailako Arte eta Diseinu Eskolako ikasleekin ari da lanean, moda sostengarriko master baten barruan, produktu berriak garatzeko eta merkatu azterketa bat egiteko. Ikerketa horrek hainbat emaitza eman ditu jadanik, besteak beste, uda honetan plazaratuko den emakumeentzako arropa linea bat. Oraingoz, Upcycling Koopera proiektuko objektuak Etsy plataformaren bidez eros daitezke, baina lantaldeak onlineko denda propioa ireki nahi du, eta Koopera sareko dendetan ere eskaini nahi ditu bere produktuak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow