Keychange ekimenak emakumeen presentzia sustatuko du musikaren industrian

11 May, 2017

Creative Europe programak finantzatzen du proiektua.

BIME jaialdia da proiektu europar horren bazkideetako bat.

 

Keychange ekimenak helburutzat du industria musikalari lotuta dauden eta berrikuntzan diharduten emakumezko sortzaile eta profesionalen sare berri bat sustatzea. Europako Batzordearen Creative Europe programak finantzatu du proiektua eta bere helburua da aukera berriak sortzea, estereotipoak hautsiz eta sektoreko genero-etena murrizten lagunduz.

 

Ekimenak 200.000 euroko aurrekontua du eta diru horrekin bekak emango zaizkie musikaren industriarekin lotuta dauden eta berrikuntzan diharduten 35 emakume sortzaileri eta 30 emakume profesionali. Keychange sarearen barruan, laborategi sortzaileak antolatuko dira lankidetza berriak sortzeko eta tresnak eskainiko dira proiektuak garatzeko. Ekimen horren bidez jaialdi musikaletan parte hartu, topaketa profesionalak egin eta onlineko komunitate bat sortuko dute.

 

PRS Foundation erakunde britainiarrak sustatzen du Keychange ekimena, eta zazpi bazkide ditu, horietako bat BIME jaialdia eta profesionalen topagunea, Last Tour International enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urtero antolatzen dutena. Lankidetza horren barruan, BIMEk nazioarteko sarearen topaketa bat ostatatuko du 2018ko edizioan. Emakumezko sortzaile eta profesionalen taldeak baita ere parte hartuko du Islandia, Alemania, Erresuma Batua, Estonia, Suedia eta Kanadako sektoreko musika-jaialdi eta topaketetan.

 

PTS Foundation-en kideez eta industriako profesionalez osatutako epaimahai batek hautatuko ditu emakumezko artista eta berritzaileak, eta hautaketa hori aurtengo irailean egingo da. Proiektua 2019an amaituko da, industria musikalaren barruko aldaketa sustatzeko manifestu bat aurkeztuko delarik Europako Legebiltzarrean.

 

Keychange proiektuaren abiapuntua PRS Foundation-ek Erresuma Batuan sustatutako ekimen bat da: Women Make Music. Women Make Music emakumezko sortzaile eta konposatzaileen programa espezifiko bat da, rol berriak sustatu nahi dituena belaunaldi berrien artean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow