Josetxu Silgo, Metxa: “Pluralean hitz egiten dut, nire enpresa-proiektuak beste bazkide batzuekin sortu ditudalako beti. Gustatzen zait ko-ekintzailetza.”

27 February, 2016

Metxa dugu teknologia berriekin lotutako ekimenetara edo “start-up”etara esklusiboki bideratua ez dagoen lehenengo “ekintzaileentzako proiektu-azeleragailua”. Gasteizen dago kokatuta, eta helburutzat du Ipar zonaldeko edozein sektoretako proiektu berritzaileak bultzatu, zaindu eta finantzatzea, enpresaren akzioetan parte hartuz.

Ekimen hau enpresa-munduan ibilbide luzea egina duten euskal inbertitzaileek bultzatzen dute, zeintzuk espezifikoki elkartu baitira proiektu honetan ideia interesgarriak bultzatzeko. Diziplina anitzeko tutore talde bat ere badu, eta tutore horiek aktiboki inplikatzen dira proiektuan, ekintzaileei prestakuntza eta tutoretza emateko. Josetxu Silgo enpresari eta ekintzaile arabarra da ekimenaren buru.

 

Josetxu, noiz, non eta nola sortu zitzaizun espiritu ekintzaile hori?

Nire kasuan uste dut ez zela sortu, baizik berezkoa dudala. Ezin diot eutsi, beti ari naiz proiektu, plan eta antzekoetan pentsatzen.

Hala ere, 29 urterekin hasi nuen nire lehen enpresa proiektua, Gasteizen; merkatuak ikertzeko aholkularitza bat zen, eta harrezkero, gelditu gabe aritu naiz.

 

Ez zara iritsi berria enpresa munduan… Arabako ekosistema ekintzailean murgilduta egon zinen 90eko hamarkadan eta oraindik ere “bretxan” zaudela esan liteke.

Egia da esperientzia apur bat bildu dudala, bai. 90eko hamarkadan hasi ginen, orduan sortu genituen gure lehen aholkularitza eta ESDEN, Gasteizko lehen Negozio Eskola. Pluralean hitz egiten dut, nire enpresa-proiektuak beste bazkide batzuekin sortu ditudalako beti. Gustatzen zait ko-ekintzailetza.

Proiektu gehiago ere jarri genituen martxan garai hartan, esaterako AJEBASK, Arabako Enpresari Gazteen Elkartea.

 

Azkenean, proiektu-azeleragailu bat Gasteizko ekintzaileentzat…

Bai, Gasteizko lehen azeleragailua gara, eta orain arte existitzen ez zen ekimen pribatu bat antolatzea dugu helburu. Laguntza eta ekimen publiko asko daude ekintzaileei bidea leuntzeko, baina egoera aski desberdina da arlo pribatuan.

Metxa-ren atzean dagoen inbertitzaile taldeak enpresa esperientzia zabala du sektore desberdinetan eta gogotsu dago proiektu berritzaile eta eskalagarrien alde apustu egiteko. Metxa-ko sustatzaile naizen aldetik, diziplina anitzeko adituz osatutako 13 tutoreko talde bat antolatzen dut Laura Unzuetarekin batera, zeina programaren konfigurazioaz eta hura antolatzeko behar denaz arduratzen baita, eta kide bakoitzak bere esperientzia eta ezagutzak eskaintzen dizkio Metxa azelerazio programari.

 

Zuen web orrian diozuenez, hazten laguntzen diezue ekintzaileei “beren ideietan inbertituz, badugulako fedea pertsona berritzaileengan eta egin ditzaketen gauzetan…”

Inoizko momentu onenetako batean gaude ekintzaile izateko. Batetik, giro ekonomiko baikor samarra sumatzen da enpresa munduan, eta horrek ekintzaile izatera animatzen gaitu. Bestetik, administrazioak ekintzaileei ematen dizkien laguntzak maximo historikoetan daude. Bi ezaugarri horiek eta beste hainbat elementuk –informazioa eta baliabideak eskuratzeko erraztasuna, babes soziala- baldintza paregabeak sortu dituzte aukerak detektatzeko gai diren eta aukera horiek aprobetxatzeko baliabideak antolatzen dakiten pertsonentzat.

Ekintzaile izatea sakrifikatua da, gaitasun eta jarrera zehatzak behar dira; Metxa-n gaitasun eta jarrera horiek bideratu nahi ditugu, eta babesa eman gure kapitalarekin, enpresa arloan dugun esperientziarekin eta gure ezagutzarekin.

 

Hasi berria da Metxa, baina ziur nago aipatu dezakezula zuen esku-hartzeren bat.

Egia esan, oraindik ez dugu esku-hartzerik egin, epea zabalik dago eta. Esan dezakegu, ordea, ekintzailetza-ekosistemaren babes handia aurkitu dugula (inbertitzaileak, administrazioa, elkarteak, e.a.). Denak daude oso inplikatuta Metxa proiektuarekin.

 

Deialdia zabalik egongo da martxoaren amaierara arte. Nolako proiektuak jaso nahiko zenituzkete? Zuen know-how-a sinergikoagoa izan daiteke sektore zehatzen batean?

Bada Metxa beste azeleragailu batzuetatik bereizten duen ezaugarri bat, edozein sektoretako proiektuak onartzen baititu, ez soilik teknologikoak.

Funtsean, bi hautaketa irizpide dauzkagu: ideia-merkatu binomioa eta ekintzaileen profila.

Ideia-merkatu binomioan ondoko hauek baloratuko ditugu:

  • Negozio eredu berritzailea eta eskalagarria
  • Elementu bereizlea
  • Benetako arazo bat konpontzea
  • Ekintzaileari dagokionean, honakoak baloratuko ditugu:
  • Lidergorako gaitasuna
  • Konpromisoa epe luzerako proiektuarekin eta inplikazioa
  • Azaltzeko gaitasuna

Sektore espezifikoetako aditu espezialistak dauzkagu, zeintzuk argi azaltzen baitute beren ikuspegia.

 

Laguntza ez da bakarrik ekonomikoa, Lean Startup metodologia erabiltzen baituzue proiektuak azkartzeko, hau da, laguntza, mentoring-a, eta baita ere Senda15 co-working espazioan kokatzeko aukera.

Behin formalki erregulatu ondoren gure arteko harremana bazkide itun baten bidez, programak, 6 hilabeteko iraupena duenak, proiektuak azkartuko ditu, bakoitza zein fasetatik abiatzen den kontuan hartuta. Tutore bat izango dute ondoan prozesuan zehar, programaren etapa desberdinetan.

Programa Lean Startup metodologian oinarritzen da, zeinaren helburua baita negozio bideragarriak sortzea ahalik eta baliabide gutxien kontsumituz. Era berean, ekintzaileen gaitasunak eta trebetasunak indartzen ditu.

Programaren barruan taldekako nahiz bakarkako saioak antolatzen dira fase guztiak burutzeko; saio horiek hamabostean behin egingo dira Gasteizko Senda15 co-working zentroan. Proiektu bakoitzak tutore global bat du, zeinak bakarkako aholkularitza eman eta etengabeko jarraipena egingo baitio ekimenari. Bestalde, hainbat diziplinatan espezializatutako tutoreek prestakuntza eta aholkularitza emango diete parte-hartzaileei taldekako nahiz bakarkako saioetan. Programa amaitutakoan, programako tutoreek laguntza puntuala emango diete aholkularitza behar dutenean.

Metxa azelerazio programarako hautatua izateak hainbat abantaila dakartza, esaterako, aukera eskaintzen diegu Senda15 co-working espazioan kokatzeko, baina ez da ezinbestekoa bertan kokatzea programak dirauen bitartean. Senda15 co-working zentroa San Prudentzio kaleko 6. zenbakian dago, antzinako Guridi zineman, eta baditu 26 co-working postu, bilerak egiteko 3 areto, ikasgela 1 eta trukerako espazio bat.

 

Zein aholku emango zenizkioke ekintzaile bati, kontuan har ditzan hautagaitza aurkeztu baino lehen?

Oso zaila da aholkuak ematea, baina esango nioke, batez ere, argi izan behar duela nolako sakrifizioa den ekintzaile izatea. Hala ere, benetan gustatzen zaizun zerbait egiten baduzu, asko asebeteko zaitu pertsonalki.

Bestalde, garrantzitsua da ekintzaileak anbizio ekonomikoa izatea, baina beste motibazio bat izan behar du, gogotsu egon behar baitu gauzak aldatzeko edo bere sektoreari balio erantsi bat emateko. Hautagaitza aurkeztekotan den norbaitek ez badu benetako ilusiorik proiektuarekin, hobe ez aurkeztea.

 

www.metxa.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow