Joera berriak berrikuntzan eta digitalizazio industrialean

19 September, 2017
Biltzarrak erakusketa-eremu bat izango du, enpresei produktuak eta zerbitzuak aurkezteko aukera errazteko asmoz

Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erremintaren Biltzarra urriaren 25etik 27ra bitartean egingo da Donostian

 

Mekanizazio-prozesuetako berrikuntza, industria arloko digitalizazioa, fabrikazio aditiboa edota Big Data dira Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erremintaren Biltzarraren (CMH) hogeita batgarren edizioan aztertuko diren gaietako batzuk. Biltzarra urriaren 25etik 27ra bitartean egingo da Donostian, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean.

 

Makina-erreminta, osagarri, osagai eta erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (AFM) Spri Taldearen laguntzaz antolatutako ekimen hau mekanizazioarekin eta fabrikazio-teknologia aurreratuekin zerikusia duten enpresei, ikerketa-zentroei eta prestakuntza-zentroei zuzenduta dago.

 

Sektoreko berritasunak ikuspegi globaletik aztertzeko asmoz, biltzarrean fabrikazio aurreratuaren arloko intereseko eta gaurkotasunezko alderdiei buruzko hitzaldiak antolatuko dira. Horien bitartez, biltzarrak partaideen arteko loturak eta lankidetzak ezartzeko topagunea eskaini nahi du.

 

Industria konektatua eta digitala ardatz izango duen aurtengo edizioan, eztabaidarako hainbat mahaingururen bitartez, makinen eta osagaien diseinuan, fabrikazio eta mekanizazio prozesuetan, automatizazioan, ebakitzeko tresnetan, lean manufacturing delakoan, pertsonen kudeaketan eta fabrikazio aditiboan dauden berritasun eta joera nagusiak aztertuko dira, besteak beste.

 

Era berean, biltzarrak erakusketa-eremu bat ere izango du aurten, enpresei produktuak eta zerbitzuak publiko espezializatu baten aurrean aurkezteko aukera errazteko asmoz. Programa osatzeko, networking ekintzak, zientzialari eta enpresarien hitzaldiak eta gazteentzako aurkezpenak ere eskainiko dira.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow