Itsas-energia eolikoaren arriskuak eta eragiketa-kostuak murriztea informatikaren laguntzaz

10 April, 2017

Tresna berria eragiketa eta mantentze-lanetako estrategiarik egokienak kalkulatzeko diseinatuko da

Ingeteam offshore parke eolikoetako eragiketa-kostuen ziurgabetasuna murrizteko sistema informatiko bat garatzeko lan egiten ari da

 

Potentziako elektronikan espezializatuta dagoen Ingeteam konpainia bizkaitarra itsas-parke eolikoetako eragiketa eta mantentze-lanetako estrategia egokiak kalkulatu eta kostuen inguruko ziurgabetasuna murriztea xede duen tresna informatiko baten garapenean lan egiten ari da gaur egun.

 

Konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, parke hauetako eragiketa eta mantentze-lanei lotutako kostua guztizko kostuaren % 25 izan ohi da. Tresna berria eragiketa eta mantentze-lanetako estrategiarik egokienak kalkulatzeko eta offshore parke eolikoen eragiketa-faseko kostuen inguruko ziurgabetasuna murrizteko diseinatuko da.

 

Oharraren arabera, sistema berria abian jartzen denean, estrategien eta ekipoen optimizazioa eta hobekuntza bultzatu ahal izango da, kostuetan aurrezki “nabarmena” lortuz.

 

Tresnak bilduko dituen ahalmenen artean, baldintza meteo-ozeanikoen analisia eta ontzien eta plataformaren arteko tranferentzia seguruaren analisia nabarmen daitezke, eta horien laguntzaz, offshore parke eolikoei atxikitako eragiketa eta finantza arloetako arriskuak murrizteko erabaki egokiak hartzen lagunduko du.

 

Garapen hau Poseidom (Itsas-Eragiketen Optimizazio, Simulazio eta Ebaluazio Adimendunerako Plataforma) delako proiektuari atxikita dago. Ekimen honetan, Ingeteamek itsas-energien arloan diharduen EnerOCean enpresa andaluziarraren eta Kantabriako Institutu Hidraulikoaren (IHCantabria) laguntza izan du.

Erlazionatutako artikuluak