Irudimenaren bidez hiria eraikitzen

11 April, 2017

Gidaliburuak hiria esploratzeko ariketa praktikoak jaso ditu.

1,2,3 HaURBANistak irakasleei zuzendutako gidaliburu bat da.

 

Hiriaren inguruko ikuspegi berriak piztea, horixe da DSS2016ko Olatu Talka jaialdiaren barruan Maushaus kolektiboak bultzatutako HaURBANistak proiektuaren abiapuntua. Ekimen haren bidez hainbat tailer egin ziren ikastetxeetan, haurrak hirigintzaren munduan sarrarazteko, eta behaketa kritikoa eta irudimena baliatu zituzten horretarako.

 

Orain, Maushaus kolektiboak irakasleentzako hezkuntza gidaliburu batean sartu ditu praktika haiek, proiektua modu autonomoan garatu dezaten. Argitalpen hori, apirilaren 5ean aurkeztu zena Donostiako San Telmo Museoan, hainbat eskolatan banatu da, eta deskargatzeko moduan dago gainera.

 

Gidaliburuak hiria begiratzeko hiru modu proposatzen ditu: txoribistako ikuspegitik, kaleko ikuspegitik eta irudimena hegaldatuz. Ikuspegi horietako bakoitzak ikasgelan egiteko ariketak proposatzen ditu, zeintzuen bidez askotariko gaitasunak garatzen baitira. Horrez gain, asmoa da interesa piztea haurren artean ikus dezaten nola dagoen eraikita hiria eta orobat praktikan jartzea euren behaketa-gaitasuna, hiriko aukera berriak imajinatzeko lehen urrats bezala.

 

1,2,3 HaURBANistak gidaliburuko praktiketako bat da hiru dimentsiotako mapa bat sortzea plano kartografiko batetik abiatuta, non kartoiz eta plastilinaz eginiko elementu bertikalak txertatuko baitira. Lehenbizi, haurrek existitzen den hiria eraikiko dute, eta gero txokoak bilatuko dituzte txoko horietan sartzeko auzoan eduki nahi luketena. Beste ariketa batean, inguruko zentzumenen mapa egin beharko dute, tresna desberdinak baliatuz era askotako informazioa biltzeko: soinuak, usainak, irudiak, testurak, e.a.

 

HaURBANistak proiektua 2012an jarri zen martxan, Donostiako bost eskolaren parte-hartzearekin. Hurrengo urtean tailerrak 12 ikastetxetara zabaldu ziren, eta 2015-2016 ikasturtean 15 eskolak eta 1.000tik gora haurrek parte hartu zuten. Eskuliburuan jasota dago denbora horretan eginiko lan guztia, metodologia hori beste ikastetxe batzuetan ere aplikatu ahal izateko.

Erlazionatutako artikuluak