Inspira ekimenak Manifestu bat plazaratu du emakumeen presentzia sustatzeko STEAM gaietan

30 azaroa, 2017
Proiektuaren barruan Kaikoo Studio-k diseinatutako itsasgarri inspiratzaileak sortu dira.

 

Laurogeitik gora antolakunde, kolektibo eta pertsonak bat egin dute dagoeneko

 

Emakumeek gizonek baino gutxiago aukeratzen dituzte zientziei eta teknologiei lotutako ikasketak, presentzia gutxiago dute esparru horietako lanpostuetan eta lanbide zientifiko-teknologikoak aukeratzen dituztenak ez dira ia inoiz iristen kargu erabakigarrietara. Inspira ekimenak dioen bezala, argi dago hori ez dela gertatzen gaitasun gutxiago edo zientziarako bokazio txikiagoa izateagatik, baizik eta gizarteari, kulturari eta hezkuntzari lotutako faktoreengatik. Neskek txikitatik ikusten dute gizartean badirela estereotipo eta genero-rol batzuk beren etorkizuna lanbide jakin batzuetara bideratzen dutenak eta, aldiz, emakumezko erreferente gutxi dituzte dauden beste aukera guztiak erakusteko.

 

Azaroaren 27an Inspira proiektuak Inspira Manifestua aurkeztu zuen, bokazio zientifikoak sustatzeko nesken artean, gizarte osoaren inplikazioa bilatu duelarik prozesu horretan. Dokumentuak hainbat ekintza biltzen ditu genero estereotipoak hausteko, eta deia luzatu die enpresei, erakundeei, kolektiboei zein pertsonei helburu horretan inplikatzeko. Hona hemen manifestura bildutako ekintza batzuk: emakume zientifiko eta teknologikoen erreferente berriak eraikitzea, genero estereotiporik gabeko gizarte- eta hezkuntza-testuinguru berriak sortzea eta sistema zientifiko-teknologiko arduratsu eta anitza sustatzea. Orain arte, laurogeitik gora erakunde, kolektibo eta pertsonak (beren izenean) bat egin dute konpromiso honekin.

 

Inspira Deustuko Unibertsitateak sortu zuen 2016an, STEAM bokazioak sustatzeko Lehen Hezkuntzako nesken artean. Horretarako, ekimenak orientazio programa bat eskaintzen du, non emakume zientifiko eta teknologoek boluntario gisa parte hartzen duten, lan-saioak egiten dituztelarik neskekin ikasgelan bertan. Topaketa horietan, aukera ematen zaie ikasleei zientziei lotutako lanbideak deskubritzeko, zalantzak argitzeko eta zientzia eta teknologia arloko erreferente berriak ezagutzeko.

 

Inspira programak abian du bigarren edizioa, non 104 aholkulari boluntariok parte hartzen baitute 44 ikastetxetako 1.000 neskatorekin. Proiektu honek Innobasque eta Elhuyar Fundazioaren laguntza du, eta hiru Foru Aldundien eta BBKren babesa jaso du.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow