Innobideak Prestakuntza garapenerako aukera bat da ETEentzat

5 October, 2017

Ekimen horren bidez euskal ETEetako kudeaketa-taldeek Kudeaketa Aurreratuko Eredua garatzen eta ezartzen dute eta giltzarri batzuk ematen zaizkie Innobideak estrategia egituratzen duten sei lehiakortasun-faktoreen kudeaketa eta garapenerako. Aldi honetako berritasuna da kudeaketa-modulu berri bi eskaintzen direla, ezinbestekoak ETEak modu seguruan kudea dezan bere “Jabetza Industrial eta Intelektuala” eta are gehiago hobetu ditzan “Negozio Ereduen Berrikuntza” eta balio proposamenak, lehiakortasun faktore gisa.

 

Etengabeko eboluzioan dagoen ingurune sozioekonomiko aldakor batean, euskal enpresak, eta batez ere ETEak, etengabe berritu behar ditu bere jakintza eta kudeaketa tresnak, bere lehiakortasuna handitzeko estrategia berriak sortuko baditu.

 

Asmo hori gogoan diseinatu du Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak Innobideak Estrategia. Hiru Foru Aldundiak konprometiturik daude estrategia horrekin eta SPRI arduratzen da bere zabalkundeaz, helburu honekin: euskal ETEaren lehiakortasuna bultzatzea eta beren kudeaketa hobetzea laguntza-programa sorta baten bitartez, horien artean Prestakuntza Directiv@21.

 

Ikuspegi horretatik, Innobideak Prestakuntza Directiv@21 ekimenaren helburua da industria arloko euskal enpresetako eta haiekin lotutako zerbitzuetako kudeatzaile eta kudeaketa-taldeen eskura jartzea, kosturik gabe, beren kudeaketa hobetzeko behar duten jakintza, kudeaketa-eredu aurreratu bat ezarriz; orobat bilatzen da berrikuntza garatzea beren negozio ereduan, eta modu aktiboan kudeatzea beren jabetza industrial, intelektual eta teknologikoaren estrategia, besteak beste.

 

Hala, ETEen kudeaketan lehiakortasun faktore berriak txertatuz, posible da ETEak lehiakorrago bihurtzea eta, finean, beren garapen maila handitzea.

 

Prestakuntza Directiv@21 ekimenak bide ematen du jakintza hori eskuratzeko, eta horretarako, egitura malguko diseinu metodologiko bat proposatzen da, oinarritzat dituena zortzi kudeaketa-modulu independente, SPRIk garatuak eta zortzi saiotan irakasten direnak bost ordutan. Saio horien bidez aurrera egiten da Kudeaketa Aurreratuko Eredua –ekimenaren erreferente estrategikoa– osatzen duten lehiakortasun-faktoreetan, eta errazago txertatzen da eredu hori euskal ETEak berritu eta lehiakortzeko ahaleginean.

 

Euskaliten lankidetzari esker, proposatzen den Kudeaketa Aurreratuko Ereduak sei kudeaketa-elementu nagusi ditu ardatz, denak ere lehiakortasuna handitzeko sortuak eta helburutzat dutenak antolakundeei laguntzea lehiakortasun hobekuntzak aplikatzen estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea, berrikuntza eta emaitzen esparruetan. Halaber, bere baitan biltzen ditu iragan hamarkadetan enpresen kudeaketa arloan sortu diren eta dagoeneko paradigma izaera iritsi duten kontzeptu esanguratsu eta berrienak, hala nola Ezagutzaren Kudeaketa, Erabateko Kalitatea, Kudeaketako Bikaintasuna, Berrikuntza edo Erantzukizun Sozial Korporatiboa, besteak beste.

 

Garapen fase berri eta beharrezko hori iristeko, ETEak errotiko aldaketak egin behar ditu bere kudeaketaren hainbat esparrutan.

 

Hala, pertsonen atalean gauza izan behar da “bisio partekatuko” taldeak sortzeko, partaide izatearen sentimendua pizteko eta “proiektu partekatu” batekiko engaiamendua sendotzeko.

 

Bezeroarengana bideratu behar ditu antolakundea eta bere prozesuak, balioaren ekarpen diferentzial bat eginda. Berrikuntza prozesua antolakundeko esparru guztietara zabaldu behar da.

 

Bere izaera soziala indartu behar du gizartearekiko konpromiso baten bidez, lehiakortasun-gaitasun muntadunen hornitzaile garrantzitsu bezala.

 

Gauza izan behar da epe luzeko bisio bat sortzeko, etengabe aldatzen ari den ingurune bateko zurrunbiloak gorabehera, eta hori estrategia zehatz bat bihurtu.

 

Eta, azkenean, emaitza asegarri batzuk lortu behar dira antolakundean elkarreragiten duten interes-talde guztientzat, modu jarraitu eta orekatuan.

 

Laburtuz, proposatutako eredua oinarri bat da ETEarentzako kudeaketa eredu berri baterako, eta oinarri horren gainean funtsatu behar da enpresaren lehiakortasuna, bide horretatik hobekuntza baliotsu batzuk iristeko.

 

Prestakuntza prozesurako deialdi berri hau 2017ko irailetik abendura bitartean gauzatuko da izaera praktikoa izango duten saioen bitartez, errealitatetik hartutako adibideak erabiliz eta ikasitakoa praktikan jartzeko behar diren jarraibideak emanez. Saioak hiru lurralde historikoetan emango dira: Bilbon, Bizkaia Plaza eraikinean, Alameda Urkixo kaleko 36. zenbakiko beheko solairuan; Donostian, Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialean, Zubieta kaleko 38. zenbakian; eta Vitoria-Gasteizen, Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialean, Bizkaia kaleko 2. zenbakian.

 

 
Informazio gehiago
 
Izen emateak hemen
 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow