Industria sortzaileen inpaktu ekonomiko eta soziala

17 February, 2016

Kultura- eta sorkuntza-industriek 2 bilioi euro inguru sortzen dute guztira, eta 29,5 milioi lagun enplegatzen dituzte mundu osoan, hau da, biztanleria aktiboaren %1. Datu horiek Cultural Times azterlanean argitaratu dira, zeinak mundu osoko kultura- eta sorkuntza-industriak mapeatzen baititu, ekonomietan duten inpaktua neurtzeko bai herrialdeka eta bai globalki.

CISCAC – International Confederation of Societes of Authors and Composers erakundeak abenduan argitaratutako txosten horren arabera, inpaktu hori ez da batere erdeinagarria, munduko BPGaren %3 ingurukoa baita. Txostenak ikuspegi zabal batetik aztertzen ditu  halako industriak, beren baitan hartzen dituelarik publizitatea, arkitektura, arte eszenikoak eta ikusizko arteak, zinema, komunikabideak (telebista, irratia eta prentsa), diseinua eta bideojokoak. Zifra global horiez gain, industria handi hori osatzen duten enpresen erradiografia bat ere egiten du.

Azterlanak dio kultura-jarduerek ekarpen handia egiten diotela gazteen enpleguari, eta, nagusiki, enpresa txikiek edo pertsona bakarrekoek bultzatzen dituztela. Gainera, industria horiek dira ekonomia digitalaren motor nagusia, sektoreko diru-sarrera iturri garrantzitsuena baitira.

Inpaktu ekonomikoaz harago, kultura- eta sorkuntza-industriek bestelako onurak ere sortzen dituzte gizartean, nahiz eta askoz zailagoak diren kuantifikatzeko. South African Cultural Observatory erakundeko ikerlari Jen Snowball-ek  hauxe esan du oraintsu idatzitako artikulu batean: kulturak funtsezko papera betetzen du ukiezinen sorkuntzan, inspirazioa sortzen du, entretenitu eta hezi egiten du… baina, era berean, kohesio soziala indartzen du, eta hiritarren parte-hartzea edo kultura arteko elkarrizketa sustatzen du.

Askoz zailagoa da balore horiei zifrak jartzea industria sortzaileen irabazi ekonomikoak identifikatzea baino; dena den, dagoeneko hainbat aurrerapen egin dira bide horretan. Urbegi Taldeak eta Kultiba enpresak ikerketa-ildo bat dute martxan kulturaren inpaktua neurtzeko. Cultumetría du izena, eta iazko martxoan jardunaldi bat egin zuten Bilbon inpaktu sozial argia duten proiektu batzuetan bateratze-lana egiteko.

Iazko urtearen amaieran Madrilen Encuentro Cultura Local y Construcción de Ciudadanía izenburupean eginiko topaketa batean, argi erakutsi zen zein garrantzitsua den kultura eraikuntza sozialeko prozesuetan. Gizarte- eta kultura-berrikuntzako hogeita hamar esperientzia inguruk parte hartu zuten jardunaldietan, besteak beste, Euskadiko Komanditario Berriak eta Colaborabora ekimenek eta Donostia-San Sebastián 2016 programak.

Euskadin ekimen ugari daude, kulturaren edota sorkuntzaren sektoretik abiatuta gizartean inpaktua sortzea bilatzen dutenak. Maushaus, Ttipi Studio, Zaramari eta PezEstudio ekimenek, esaterako, arkitektura eta hirigintza baliatzen dituzte tresna pedagogiko gisa edo hiritarren parte-hartzea sustatzeko. Ikus-entzunezko produkzioaren esparruan, Ubiqa estudioak komunikazio-tresnak baliatzen ditu hiritarren jabekuntzarako eta, Karraskan elkarteak, berriz, sorkuntzarekin lotutako eragileak biltzen ditu, arlo desberdinen zeharkakotasunetik abiatuta kultura bestelako esparru produktibo eta sozialetara eramateko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow