Inbertsio soziala etorkizuneko erronkei erantzuteko

24 May, 2017

Ikerlana Horizontea 2020 programaren barruan kokatzen da.

Maiatzaren 30ean aurkeztuko dira Derion InnoSI proiektu europarraren emaitzak.

 

Lan-merkatua goitik behera aldatzen ari da hainbat faktore direla medio. Batetik, krisialdi ekonomikoaren ondorioz lan-baldintzak ezegonkortu egin dira eta are gehiago hazi dira desberdintasunak, bestalde, ez dakigu nolako profil berriak eta lan-eskua eskatuko dituen ekonomia digitalak.

 

Ekosistema konplexu horren aurrean, inbertsio sozialak proposatzen du politika sozialak indartzea (batez ere, enplegua, hezkuntza eta inklusioa), etorkizuneko perspektibak hobetzeko inbertsio bezala. Helburu hori lortzeko abiarazi da InnoSI – Innovative Social Investment proiektu europarra, EBk Horizonte 2020 programaren barruan bultzatutako ikerketa.

 

Ekimen honetan Europako 21 bazkidek parte hartzen dute, horietako bat Tecnalia, eta helburutzat du estrategia berritzaileak sortzea politika sozialetan, estrategia horien bidez desberdintasuna sortzen duten kausei aurre egiteko. Proiektuaren atariak dioenez, xedea da “giza kapitalean inbertitzea, hiritarrei funtsak eman beharrean modu pasibo batean”. Proiektuak hainbat ikerketa dauzka martxan EBko kide diren 10 herrialdetan, ezagutza sortzeko eta ezagutza horren bidez politika berritzaileak egiteko. Espainiaren kasuan, ikerketa-kasuek hizpide dituzte kooperatibak pobrezia energetikoaren konponbide bezala eta enplegu politika aktiboak Valentzia hiriburuan.

 

Datorren maiatzaren 30ean, proiektuaren arduradunak Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan elkartuko dira ikerketaren emaitza garrantzitsuenak aurkezteko. Topaketan zehar orobat aztergai izango dute zein paper jokatzen duen inbertsio sozialak Europako etorkizuneko erronkei aurre egiteko, batez ere arlo hauetan: enpleguan, kohesio sozialean eta egonkortasunean.

 

Jardunaldiaren lehen zatian gai hauei buruzko hitzaldiak eskainiko dira: InnoSI proiektuaren ondorio garrantzitsuenak, berrikuntza sozialaren papera eta lan-merkatuaren etorkizuna. Bigarren zatian mahai-inguru bat egingo da politika sozialak eta lan-merkatua aztertzeko, eta mahai-inguru horretan parte hartuko dute Novaterra Fundazioak, Agintzari Sozietate Kooperatiboak, Deustuko Unibertsitateak, Eguia-Careaga Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta TKNIKA Fundazioak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow