Inbertsio ekologikoak frogatu du errentagarria dela

26 April, 2017

Txostena online eskuratu daiteke.

Finantza sektoreak deskarbonizazioaren aldeko apustua egin du.

 

ESADEko Berrikuntza Sozialeko Institutuak argitara atera du La transición hacia una economía baja en carbono txostena, zeinetara biltzen baitira bi sektore estrategikotatik (finantzak eta elikadura) bultzatzen ari diren estrategiak aurrera egiteko ekonomia sostengarriago baterantz. Argitalpen hori prestatzeko hainbat elkarrizketa egin dira adituekin, eta tailer parte-hartzaileak egin dira bi sektoreetako agenteekin.

 

Finantzen esparruan, klima aldaketa arrisku sistemiko gisa identifikatu da. Dena den, aukera gisa ere ikusten da, frogatu delako korrelazio positiboa dagoela sozialki arduratsua den inbertsioaren –irizpide ekologikoak barne direla- eta finantza errentagarritasunaren artean. Horregatik, azken urteotan ugaritu egin dira ESG –Ingurumen, Sozial eta Gobernantza hitzen siglak ingelesez- arloetako indize nabarmenak dituzten enpresetan gehiago inbertitzeko estrategiak. Inbertsio mota horrek Europan dauka ibilbide gehien, Espainian ordea ez dago oso garatuta, Europako ISA –Inbertsio Sozialki Arduratsua- funtsen %1 besterik ez baitu hartzen.

 

Estrategia horietako batzuk dira funts espezifikoak sortzea, bono berdeak erabiltzea, eta inpaktu handiko inbertsioak egitea, hau da, finantza errentagarritasuna eta aldi berean inpaktu sozial positiboa bilatzen dituzten inbertsioak. Bono berdeen merkatua, esaterako, nabarmen hazi da azken urteotan, 2015ean 66.000 milioi dolarreko bolumena izan duelarik. Funtsezkoa izango da ISA inbertsioen aldeko apustua egitea karbono gutxiko ekonomiarantz aurrera egiteko, zeren txostenak baitio baduela behar adinako indarra enpresak berrorientatzeko.

 

Elikaduraren sektorea ere garrantzitsua da trantsizio horretarako, bi arrazoigatik. Batetik, klima aldaketaren eta bere ondorioen eragina bortizkien jasango duen sektoreetako bat da, eta bestetik, negutegi efektuko gas gehien isurtzen duenetako bat ere bai. Horregatik, elikadura enpresa asko hasiak dira berrikuntza estrategiak aplikatzen, bai teknologia arloan, eta baita ere kudeaketan edota negozio-ildo berrien bilaketan.

 

Txostenak hainbat ekimen berritzaile jasotzen ditu, produkzio-, manipulazio- eta banaketa-kate osoan. Ekonomia zirkularraren esparruan, adibidez, Bioarrozen kasua aipatzen du, alegia, arrozaren azala ongarri organiko gisa aprobetxatzeko sortutako enpresa. Banaketaren sektorean, txostenak beraizik azpimarratu du Eroski enpresak Oñatin sortutako Zero Kontsumoa dendaren kasua, non energiaren %65 aurreztea lortu baitute denda arrunt batekin alderatuta, edota tokiko ekoizleak eta kontsumitzaileak elkarrekin konektatzeko La Colmena que dice sí ekimena.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow