Iker Knorr, ‘Mash Media’: bizitza osasuntsu, inklusibo eta sostengarriago baterako ekitaldiak

29 July, 2016

Gasteiztar honek hainbat jarduera profesional garatzen ditu, eta, besteak beste, aktiboki kolaboratzen du hiriburu eta eskualde askotako turismo sailekin, beren burua “MICE, Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions” jomuga gisa sustatu dezaten.

Ikerrek eta bere lantalde teknikoak interes publiko handiko ekitaldi propioak sustatzen eta antolatzen dituzte: “BioAraba”, “BioNavarra” eta “Salón Sin Barreras – Oztoporik Gabe” dira hemen etxean antolatu dituzten eta beren lana eta kezka pertsonalak (ekologia, sostengarritasuna, kirola eta irisgarritasuna) ondoen ordezkatzen dituzten ekitaldi batzuk.

 

Erakundeekin eta kongresu-turismoaren nahiz pizgarrien turismoaren sektoreko enpresekin lan egiten duzu

Hala da, Mash Media-ren bidez estuki lan egiten dugu hainbat erkidego eta hiriburutako Turismo sailekin, beren burua MICE jomuga gisa sustatu dezaten. Madril, Bartzelona, Valentzia eta Euskadiko turismo bulegoak dira gure bezero garrantzitsuenak, eta haien azoka eta kongresu aretoak sustatzen ditugu. Hotel kateekin eta sektoreko beste enpresa batzuekin ere lan egiten dugu, eta kongresuak edo bestelako ekitaldiak antolatzen laguntzen diegu.

 

Ekologiaren mundua etengabe doa aurrera, eta sektorea ikusgarriago bihurtu da zuen ekitaldiei esker

Gasteizen BIOARABA antolatzen dugu; aurten hirugarren edizioa egingo dugu azaroaren 4tik 6ra, Iradier Arena aretoan. 70etik gora enpresa bilduko dira, eta era guztietako produktu ekologiko ugari eskainiko dituzte. Gure asmoa da bultzada bat ematea ingurumena errespetatzen duten bizitza-ohitura osasuntsuak sustatzeko produktu eta zerbitzuen kontsumoari.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute BIOARABA ekitaldia. Gainera, gune misto bat izango du, bertara bilduko direlarik sektore desberdinetako enpresak: bio-eraikuntza, energia berriztagarriak, garraio sostengarria, ekoturismoa, kosmetika eta higiene naturala, arropa eta oihal naturalak, habitat osasuntsua, garbiketako produktuak, terapia naturaletarako osagarriak, ingurumen arloko ekimen publikoak, terapiak eta osasuna, eta bidezko merkataritza.

Iruñean, berriz, BIONAVARRA ekitaldiaren bigarren edizioa egingo da irailaren 21etik 23ra REFENA aretoan. Hitzordu hori erreferente bihurtu nahi dugu Nafarroako produkzio ekologikoaren sektorean eta 6.000 m2tik gorako erakusketa-gunea izango du.

 

BIOARABA eta BIONAVARRA azokek harrera bikaina izaten dute…

Bioaraba ekitaldiaren lehen edizioan 30.000tik gora bisitari erregistratu ziren. Horrek erakusten du badagoela interesa ingurumena errespetatzen duen elikadura osasuntsu eta ekologikorako produktuen eta kontsumo arduratsuaren aldera.

Bestalde, aurreikuspenen arabera, BioNavarra ekitaldian 15.000 lagun bilduko dira.

Ekitaldi horiek doakoak dira bisitari guztientzat, eta, gainera, aldi bereko jarduera ugari eskaintzen dituzte, besteak beste, janari osasuntsu eta merkeari buruzko erakusketa gastronomikoak, hitzaldiak, eta bizimodu osasuntsuagorako produktu eta zerbitzuen aurkezpenak.

2016an asko zabaldu dugu BIONAVARRA ekitaldiaren jarduera-programa, gure bisitariak entretenitzeko; hala, antolatu ditugu, besteak beste, tailerrak, haurrentzako gune bat, magia-jaialdi bat, herri-kirolen erakusketa bat, eremu gastronomiko bat, tetegiak, atseden hartzeko “chillout” guneak, eta produktu ekologikoz osatutako sorten edo ekoturismo bidaien zozketak. Gainera, Gorka Knörr kantautoreak errezitaldi bat eskainiko du inaugurazio ekitaldian.

 

Azoka-jardueraren eredu hau zabaltzeko asmoa duzue?

Momentuz, lanean ari gara Mash Media-rekin BIOCANTABRIA azokaren lehen edizioa prestatzeko Santanderren 2017ko martxoan, eta erreferente bihurtu nahi genuke gure auzokide den erkidego horretan.

 

Irisgarritasunaren esparru garrantzitsua ere lantzen duzue

Bai, “Salón Sin Barreras-Oztoporik Gabe” azokaren 7. edizioa egingo dugu urriaren 28an eta 29an Bilboko Euskalduna Jauregian. Irisgarritasunaren, Autonomia Pertsonalaren, Guztiontzako Diseinuaren, Parte-hartzearen eta Bizi-kalitatearen arloan Espainia osoan egiten den azoka garrantzitsuena izango da ziurrenik.

Aurreko urteetan Irungo Ficoba aretoan, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) eta Gasteizko Iradier Arena aretoan egin da, eta lehen bi edizioak Malagan egin ziren.

 

“Salón Sin Barreras-Oztoporik Gabe” erreferente garrantzitsu bihurtu da sektorean

Topagune bat da, bertara bildu daitezen ezgaitasunak dituzten pertsonen eta haien senitartekoen elkarteak eta federazioak, pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko tekniken banaketan eta merkaturatzean espezializatutako startup eta enpresak, administrazioak, fundazioak, osasun arloko profesionalak eta publiko orokorra.

Azokan hainbat arlotako -domotika, mugikortasuna, jasotze-sektorea, ibilgailu egokituak, arropa egokitua, laguntza teknikoak, kirol egokitua, eta abar- azken nobedadeak aurkezten dira, helburutzat harturik ezgaitasunak edo menpekotasunak dituzten pertsonen eta pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzea eta aukera berdintasunean aurrera egitea.

Ekitaldia Eusko Jaurlaritzak babesten du, eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren laguntza jasotzen du, CEAPAT eta IMSERSO organismoen bitartez. Ekitaldiak teknologia berriei, enpleguari, turismoari eta kirolari buruzko mahai-inguru eta hitzaldien egitarau zabala eskainiko du, eta kolektibo horrentzako existitzen diren laguntzak azalduko dira, kontuan izanik Euskadiko biztanle guztien %9 direla. Gainera, horrekin batera, baita ere eskainiko dira kirol egokituaren erakusketak eta animazio kultural eta ludikoak.

 

Ekimen horiek aurrera ateratzeko enpresa gihar ona beharko da…

Ekimen handiak dira, horregatik, beharrezkoa da Mash Media enpresaren knowhow-a eta sendotasuna. Mash Media egoitza Londresen duen Mash Media Group Ltd. enpresa britainiarraren Espainiako filiala da.

Azoka, Kongresu eta Konferentzien industriako aldizkariak editatzeaz gain, negozio turismoaren esparruko jomugen sustapenean espezializatuta dago, eta liderra da sektore horretan. Mash Media-k hainbat argitalpen editatzen ditu Erresuma Batuan, nagusiki MICE sektoreari buruzkoak, zeintzuk erreferentziazkoak baitira mundu osoan.


Zeintzuk dira argitalpen horiek?

CMW –Conference & Meeting World da aipagarriena; 25.000 ale banatzen dira nazioarteko Azoka eta Kongresuen antolatzaileen artean. Aipatzekoak dira, halaber, Exhibition World (UFI-Nazioarteko Azoken Batasuneko organo ofiziala), Exhibiting, Conference News, Exhibition Directory, e.a.

Era berean, Mash Media-k hainbat ekitalditan parte hartzen du partner gisa: IMEX USA, EIBTM, AIBTM, CIBTM, GIBTM, Meeting Show UK, Aime, e.a. CONFEX ekitaldiaren jabe ere bada, zeina urtero antolatzen baita Londresko OLYMPIA aretoan.

 

Info +:
http://bioaraba.com
http://www.bio-navarra.com
http://www.salonsinbarreras.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow