Ikaslan Bizkaia eta MicroBank erakundeek jarduera ekintzailea sustatuko dute

25 May, 2016

Jesús Losadak, Ikaslan erakundearen Bizkaiko presidenteak, Juan Pedro Badiolak, CaixaBank erakundearen Euskadi eta Kantabriako lurralde zuzendariak, eta Antonio Vilak, MicroBank erakundeko presidenteak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, mikro-kredituen bidez enpresa proiektuen finantzaketa errazteko. Hitzarmen horren bitartez, milioi bat eurorainoko finantzaketa-ildo bat sortuko dute. Onuradunak izango dira urtean bi milioi euro baino gutxiagoko fakturazioa duten pertsona fisikoak eta hamar langile baino gutxiagoko mikro-enpresak.

 

Eskatzaileek gehienez 25.000 euroko mikro-kredituak eskuratu ahal izango dituzte (gehienez inbertsioaren %95ekoak). Finantzaketa hori jasotzeko, proiektuek enpresa plan bat eta Ikaslan Bizkaia erakundearen aldeko bideragarritasun txosten bat izan beharko dituzte.

 

MicroBank erakundeak hainbat irizpide hartuko ditu kontuan mikro-kredituak ematean, baina mailegua eskatu duen pertsonaren edo lantaldearen alderako konfiantza eta proiektuaren bideragarritasuna izango dira irizpide nagusiak. Hala, berme eta abalik ez duten pertsonek ere jaso ahal izango dute finantzaketa.

 

Hitzarmen horren bidez, Ikaslan Bizkaia erakundeak (bazkidetutako bere zentroen bitartez) konpromisoa hartzen du ondoko hauek egiteko: auto-enplegua sustatzean edo mikro-enpresak eta autonomoen negozioak ezarri, sendotu edo zabaltzean sortzen diren finantzaketa-premiak detektatzeko, enpresentzako laguntza eta aholkularitza zerbitzuak emateko, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko, eta udal korporazioak aholkatutako pertsona fisiko nahiz juridiko horiek MicroBank erakunderantz bideratzeko, hark finantzaketa eskaerak aztertu eta, hala badagokio, onartu ditzan.

 

Ikaslan Bizkaia Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen elkartea da. Gaur egun 23 zentro bazkidetu dauzka, eta horietako irakasleek, goi-mailako kualifikaziodunak guztiak, helburutzat dute kalitatezko prestakuntza ematea, beraizik egokitua dagoena errealitate berriari eta lan-merkatuaren nahiz produkzio-sarearen benetako premiei. Eta, era berean, prestakuntza eta gaitasun tekniko eta transbertsalak ematen dizkiete ikasleei.

 

MicroBank mikro-finantzetan espezializatutako banku soziala da, eta CaixaBank du partaide bakar. Proiektuak mikro-kredituen bidez soilik finantzatzen dituen Espainiako banku bakarra da.

Erakunde hori aitzindari izan zen bere negozio-ereduan, eta bera da, oraindik ere, mikro-kredituen bidez proiektuak finantzatzeko baliabide gehien bideratzen dituena. Bankuak mikro-kredituak ematen dizkie autonomoei, ekintzaileei eta mikro-enpresei; horrez gain, mikro-kreditu pertsonal eta familiarrak ere ematen ditu, aldi bateko zailtasunak gainditzeko eta garapen pertsonal eta familiarra ahalbidetzeko.

 

2015eko ekitaldian zehar, MicroBank erakundeak guztira 6,6 milioi euroko 673 mailegu eman ditu Euskadin autonomoentzat, ekintzaileentzat eta mikro-enpresentzat. Bestalde, bankuak 8,9 milioi euroko maileguak eman dizkie 2.402 ekimeni, proiektu pertsonal eta familiarrak finantzatzeko.

 

 

Hitzarmenak 560 erakunde sozial baino gehiagorekin

CaixaBank erakundeak 5.200 bulegotik gorako sarea du mikro-kredituak emateko, baina, horiez gain, prozesuan parte hartzen dute kredituak jasoko dituzten pertsonei buruzko informazioa ematen duten erakundeek eta proiektuen inguruko aholkularitza eta jarraipena egiten dutenek. MicroBank erakundeak hainbat hitzarmen sinatu ditu Espainia osoko 566 erakunde sozialekin, finantzatzen dituen proiektuen bideragarritasuna zaintzeko. Erakunde sozial kolaboratzaileak mota askotakoak dira, baina denek dute esperientzia laguntza ekonomiko nahiz sozialen esparruan, eta helburutzat daukate mikro-enpresak sortzea, auto-enplegua sustatzea eta jarduera ekintzailea bultzatzea.

 

 

Info+:
http://www.ikaslanbizkaia.eus/

http://www.microbanklacaixa.es/

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow