IK4-TEKNIKER makina erremintako simulazio plataforma berriak sortzeko europar proiektu bat lideratzen ari da

14 October, 2015

IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoa, makina erreminta eta mekanizazio prozesua integratuko dituen simulazio plataforma bat diseinatzeko urrian abiarazi den europar proiektu bat koordinatzeaz arduratuko da.

Twin-Control deritzon ekimen honen helburua, energia-eraginkortasuna eta mantenimenduko tekniken inplementazioa bezalako parametroak barne hartuko dituen prozesuen simulazio-tresna bat garatzea da, industriaren lehiakortasuna bermatzeko asmoz.

“Orain arte, simulazioko eredu teorikoek makina erreminta eta mekanizazio prozesua bereizita aztertzen zituzten, haien arteko inongo elkarreraginik gabe. Twin-Control-ek simulazio-eredu desberdinak integratuko ditu makinaren funtzionamendua eta haren mekanizazio prozesuak plataforma bakar batean eta era globalean aztertu ahal izateko”, ziurtatu du Mikel Armendia proiektuaren IK4-TEKNIKEReko koordinatzaileak.

Proiektu hau, industriaren aldeko teknologia-transferentzian oinarritutako ekoizpen-eredu berri bat sortzen ari den laugarren industria iraultza edo “Industry 4.0” deritzonaren testuinguruan gauzatzen ari da.

Urriaren 1ean abiarazitako ekimen honek 36 hilabete iraun eta 5,6 milioi euroko guztizko aurrekontua izango du, Europar Batasunak Horizon 2020 deritzon Ikerketa eta Berrikuntzarako Europar Esparru-Programaren bitartez emandako finantzaketari esker.

Emaitzak Europako ekonomiarentzat estrategikoak diren sektoreetan balioztatuko dira, automobilgintzan eta sektore aeroespazialean kasu, Renault eta MASA konpainien bitartez. Gainera, emaitzak zabaltzen lagunduko duten ereduak ezarriko dira fabrikazio-prozesuen ikerketako zentro pilotuetan: Sheffield-eko Unibertsitateko AMRCko Factory 2050 delakoan, Darmstadt-eko Unibertsitateko (Alemania) ETA-Factory deritzonean eta Euskadiko Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroan.

Ekimen honetan, Durangon kokatutako Gepro Systems ingeniaritza aeroespazialeko enpresak ere parte hartuko du, industria esparruko balioztatze-faseaz eta bete beharreko baldintzez arduratuko baita.

Proiektuaren nazioarteko partzuergoa Espainian, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan eta Belgikan finkatutako unibertsitateek, industria arloko enpresek eta ikerketa-zentroek osatzen dute.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow