Arte gorakorreko proposamenak izango dira ikusgai III. Explora Bilbao Jaialdian

13 July, 2016

“Ideiak Martxan” lehiaketak saritutako ekitaldi hori irailaren 24an eta 25ean egingo da.

 

Explora Bilbao jaialdiak beren obrak erakusteko aukera eskainiko die sortzaile gorakorrei eta, aldi berean, bidea emango du Euskadiko artista eta kolektiboen arteko truke-sareak sortzeko. Topaketa 18 eta 40 urte bitarteko sortzaileei zuzentzen zaie eta Open Espazioan egingo da, Artiach gaileta fabrika zaharrean (Zorrozaurre auzoan).

 

Deialdia jaialdiaren gaiari buruzko piezetan oinarrituko da, beraz, aurten kontrasteak izango dira ardatz. Diziplina askotako sorkuntzak aurkeztu daitezke, besteak beste, margolanak eta ilustrazioak, argazkiak, videomapping-a, musika, performance-ak edota hiri esku-hartzeak.

 

Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol arloak bultzatzen duen Ideiak Martxan lehiaketan (2016ko edizioan) saritutako proposamenetako bat izan zen Explora Bilbao jaialdia. Lehiaketaren helburua da gazteek bultzatutako kultura, diseinu, hirigintza edota IKTen arloko ekimenak sustatzea, eta 4.000 eurorekin saritzen da ideia irabazle bakoitza, proiektua martxan jarri ahal izateko.

 

Beste hiru proiektu hauek ere sarituak izan ziren azken edizioan: Spoken Word Bilbao, poesia errezitaldiak egiteko formatu berriak esploratzen dituen topaketa (datorren irailaren 17an egingo da); Solifest, elikagaien kudeaketa sostengarriagoa aldarrikatzen duen jaialdi solidarioa (irailaren 21etik 25era egingo da); eta Arkitekturaren Nazioarteko Astea, hitzaldiz, tailerrez eta hirian barrena eginiko bisita gidatuz osatutako egitarau bat, zeinaren helburua baita hirigintza hurbiltzea hiritar guztiei.

 

Hona hemen “Ideiak Martxan” lehiaketako beste saritu batzuk: Gazteen Musika Festa; Pakitxou, formatu txikiko proposamen eszenikoak; Recrea, objektuak sormenez berrerabiltzeko jardunaldia, eta ekainean BilbaoArten eginiko Jóvenes y Blasfemas jaialdia.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow