Idea Camp: Europa inklusiboagorako proposamenak

21 June, 2016

Dagoeneko zabalik dago 2017ko martxoaren 1etik 3ra egingo den Idea Camp topaketan parte hartzeko epea.

 

Europa ingurune konplexu bihurtu da eta gero eta jende gehiago baztertuta bizi da arrazoi ekonomikoengatik, politikoengatik edo kulturalengatik, gizarte zatituak sortzen ari direlarik. Baina, era berean, hiritarrek eurek bultzatutako ekimen ugari ari dira sortzen, bakoitza bere ekintza eremu txikietatik abiatuta, helburua baita aurrera egitea Europa ireki, demokratiko eta inklusiboago baterantz.

 

Idea Camp European Cultural Foundation erakundeak bultzatutako programa bat da, horrelako proposamenak elkarrekin konektatu eta bultzatzeko; hala, ekimen horiek elkartzen ditu hiru eguneko topaketa batean, sareak sortzeko eta ezagutzak partekatzeko. 2017ko martxoan topaketa horren hirugarren edizioa egingo da. Ekitaldian zehar hitzaldiak izango dira entzungai, eta tailerrak eta lan-saio kolektiboak egingo dira ideiak definitzeko eta erronka sozialentzako konponbide bihurtzeko.

 

Topaketa martxoaren 1etik 3ra egingo da Espainian, Platoniq – Goteo erakundeak antolaturik, eta “Moving Communities” gaiaren inguruan egituratuko da. Deialdiak ideiak behar ditu normalean eztabaida publikotik at gelditzen diren pertsonen ahotsa entzunarazteko, pertsona horien gizarteratze aukerak emendatzeko eta benetako justizia soziala sustatuko duen irudimen politikoa bultzatzeko.

 

Proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da irailaren 20ra arte. Hortik aurrera, European Cultural Foundation erakundeko lantaldeak 50 ekimen aukeratuko ditu 2017ko Idea Camp topaketan parte hartzeko. Hiru egun horien ondoren, talde parte-hartzaileek plan zehatz bat aurkeztuko dute beren proiektuak gauzatzeko, eta potentzial handiena duten 25 proposamenek finantza arloko laguntza jasoko dute (gehienez 10.000 euro ideia bakoitzeko).

 

Idea Camp proposamena 2014an sortu zen, helburutzat harturik komunitateak hobetzeko kultura eta sormena baliatzen duten hiritarren proposamenak babestea. Azken edizioa “Build the City” gaiaren inguruan antolatu zen, eta hainbat proposamen aurkeztu ziren, esaterako: Autobarrios, non gazteak auzoetako kultur ekitaldien curator bihurtzen baitira; City Castles/Invisible Shadows, Egipton Port Said hiriko eraikin abandonatuak eraldatzeko proposamena; edota Portugalen maker laborategien sare bat bultzatzeko ideia. Build the City liburuan jasota daude topaketa haren ostean garatutako ekarpen eta material guztiak, denak ere prokomunaren eta hiri kontzeptuen ingurukoak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow