“Hirikilabs Plaza”: Hiritarren laborategia kultura digitalarekin lotutako proiektuetan zentratzen da

18 June, 2016

Hirikilabs Plaza ekimeneko saioak hiritar guztiei zuzentzen zaizkie. Saio horietan, ezagutza partekatzeaz gain, elkarrekin lan egiten dute teknologiekin lotutako proiektu irekiak garatzeko. Ekimen horrek, Tabakalera Hirikilabs hiritarren laborategiaren barnean antolatuta dagoenak, beste deialdi bat egin du datozen hilabeteetan espazio horretan garatuko diren proiektuentzat.

Parte hartu nahi duten proposamenek teknologietan oinarritu behar dute ikuspuntu sozial, sortzaile edo kritikotik, eta teknologiak hackeatzea izango dute helburu, erabilpen desberdinak esploratzeko. Baldintza bakarra da espiritu irekidun proiektuak izatea, zeren hautatutako ideiak taldean garatuko baitira beste pertsona batzuekin batera eta emaitzak komunitatearekin partekatuko baitira, dela tailer edo aurkezpen baten bidez edo dela sortutako ezagutzak eta emaitzak Interneten argitaratuz.

Proposamenak bidaltzeko deialdia zabalik egongo da irailaren 8ra arte. Irailaren 15ean aurkeztuko dituzte hautatutako proiektuak eta Hirikilabs Plaza ekimenaren saioetan garatuko dira urte amaierara arte. Lantalde horietan profil guztietako pertsonek parte har dezakete, aurretiazko ezagutzak izatea baino garrantzitsuagoa baita ikasteko eta partekatzeko gogoa izatea, egizu beste batzuekin filosofiari jarraiki.

“Hirikilabs Plaza” ekimenaren azken edizioan askotariko proiektuak aurkeztu ziren: hala nola, mikro-negutegi automatizatu bat etxean landareak hazteko lurrik gabe eta teknika hidroponikoa erabiliz; inguruko kutsadura akustikoa neurtu eta erakusten duen semaforo bat; edota garuneko paralisia duten pertsonei seinale sentsorialak igortzeko aukera ematen duen dispositibo bat.

“Hirikilabs Plaza” topagune bat da, elkarreragina sustatzeko pertsonen, kolektiboen eta komunitateen artean eta, bide horretatik, proiektu sortzaileak garatzeko. Parte hartu nahi dutenek elkarrekin lan egiteko gogoa besterik ez dute behar, Hirikilabs-ek berak jarriko baititu espazioa, materialak eta proiektuak aurrera ateratzeko aholkularitza.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow