Hirikilabs hiri laborategia proiektu teknologiko irekien bila dabil “elkarlanean aritzeko”

26 January, 2016

Hirikilabs Plaza ekimenak deialdi berri bat ireki du, teknologia eta kultura digitalarekin lotutako proiektuentzat. Deialdi honetan parte har dezakete teknologia ikuspegi sortzaile, kritiko edo sozialetik baliatzen duten ekimenek, erabilpen berriak aztertzen dituztenek edota orain arte itxita zeuden prozesu eta tresna berrietarako bideak zabaltzen dituztenek. Proposamenak bidaltzeko epea zabalik dago otsailaren 11ra arte, eta epea amaitutakoan hautaketa egingo da proposamen guztien artean. Aukeratutako proiektuak kolektiboki garatuko dira Hirikilabs hiri laborategian, “elkarlanean aritu” premisari jarraiki.

Deialdia zabalik dago teknologiarekin esperimentatzeko gogoa duten guztientzat, hots, dispositiboak erabilpen berrietarako hackeatu nahi dituztenentzat eta beste pertsona batzuekin lan eginez diziplina desberdinetako ezagutzak nahastu nahi dituztenentzat. Baldintza bakarra dago: proiektuen emaitzak irekia izan behar du, eta itzulera sortu behar du gizartearentzat, dela tailer presentzial bat eskainiz, prozesua Interneten argitaratuz edota artxibo digitalak askatuz lizentzia irekien bidez.

Hirikilabs Plaza ekimenaren azken deialdian hainbat proiektu garatu zituzten: adibidez, Holocube proiektua, LED kubo bat da, hiru dimentsiotako pantaila bihurtu zena eta argietan oinarritutako jolasak programatzeko aukera ematen duena;  Conecta 4 eta Snake proiektuak, eta baita ere Open Bike, zeinari esker do it yourself bizikleta erreplikagarria diseinatu eta eraiki baitaiteke. Bauhaus Graffiti Toolkit proiektua ere egin zen, eskolako espazioan esku-hartze grafikoak egiteko kode irekiko gida eta tresna kit-a. Kasu honetan, Aiete Ikastetxeko ikasleek letra konposaketa bat sortu zuten euskararen egunean, eta lelo komun bat idatzi zuten hormetan.

Otsailaren 18an egingo dute hautatutako ekimenen aurkezpen publikoa. Otsailaren 25etik aurrera proiektu horiek garatzen hasiko dira Hirikilabs Plaza programaren barruan; saio irekiak egingo dituzte Tabakalerako hiri laborategiaren barruan, eta horietan parte hartu ahal izango dute inguruko pertsonek, kolektiboek nahiz komunitateek.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow