Hiria hobetzeko heroiak

30 June, 2016

Abuztuan DSS2016 ekimenak UrbanHero antolatuko du, hiri eta arte arloko auzolandegia.

 

Hiriko espazio asko beraizik diseinatuta daude biztanle profil zehatz batentzat, eta albo batera uzten dituzte hirian bizi diren beste kolektibo askoren premiak eta nahiak. Hor ditugu, esaterako, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat iritsi ezinezkoak diren guneak, emakumeentzat seguruak ez diren argirik gabeko kaleak edota haurrentzat egokiak ez diren inguruneak. Ia hiri guztietan daude horrelako espazioak, baita ere Donostian.

 

UrbanHero Donostia-San Sebastián 2016 ekimenak bultzatutako proposamen bat da, arazo horientzako konponbide sortzaileak bilatu nahi dituena, uztailaren 31tik abuztuaren 8ra egingo den auzolandegi batean. Izena emateko epea zabalik egongo da uztailaren 11ra arte. Auzolandegian egingo den lan kolektiboaren bitartez hiru esku-hartze jarri nahi dira martxan: genero ikuspegiarekin lotutako bat, mugikortasun murriztuarekin lotutako beste bat eta hiria haurrentzat egokitzeko hirugarren bat. Proiektuaren helburua ez da behin betiko konponbideak aurkitzea, baizik eta hiritarrak kontzientziatzea eta atea irekitzea hiri integratzaileago bat egiteko alternatiba sortzaileei.

 

UrbanHero deialdia Europan bizi den eta hirigintza, gizarte edo arte arloetan interesaturik dagoen edonori zuzendurik dago. Ez da behar profil zehatzik, baina garrantzitsutzat joko da esperientzia izatea emakumeen kolektiboekin, ezgaitasunak dituzten pertsonekin eta artearekin, eta baita ere ezagutzak izatea esparru teknikoetan edo komunikazioaren arloan.

 

Diziplina anitzeko hiru talde sortuko dira hautagaitzekin, eta, programak iraungo duen zortzi egunetan, lan kolektiboko jarduerak egingo dira esku-hartzeak sortzeko. Boluntarioek komisarioekin batera egingo dituzte eraikuntza-lanak eta proiektua dokumentatzeko eta ezagutarazteko komunikazio-lanak.

 

Metodologia auzolandegi baten parekoa izango da, eta parte hartu nahi duten 30 boluntario aukeratuko dira gehienez. Donostia San Sebastián 2016 ekimenaren antolakuntzak bere gain hartuko ditu beste lurralde batzuetatik datozen parte-hartzaileen ostatu, mantenu eta joan-etorrien kostuak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow