Hiri zirkularretaranzko trantsizioa

13 abendua, 2017
portada del informe

Ellen McArthur Foundation erakundeak hirietako ekonomia zirkularrari buruzko ikerketa bat dauka abian

 

Gaur egun, hiriek munduko BPGaren %85 sortzen dute, baliabide naturalen %75 kontsumitzen dute eta negutegi efektua eragiten duten isurien %60-80 ekoizten dute. Datu horiek erakusten dute hiriek potentzial handia dutela ekonomia zirkularreranzko trantsizioa lideratzeko, biztanle gehienak hirietan kontzentratuta daudelako, baliabide gehienak hirietan kontsumitzen direlako eta aberastasuna sortzen dutelako.

 

Ellen McArthur fundazioa 2010ean sortu zen, helburutzat harturik ekonomia zirkularreranzko trantsizioa azkartzea, sortzaileen ustez horrek erantzuna eman diezaiokeelako erronka global handi bati: baliabide mugatuen gehiegizko erabilera, hondakinen etengabeko sorkuntza eta horrek planetan dauzkan ondorioak. Erakunde horrek hiru printzipiotan oinarrituta ulertzen du ekonomia zirkularra: hondakinik ez sortzeko sistemak diseinatzea; produktuen bizitza erabilgarria luzatzea balio gehien duten unean; eta materialak berraprobetxatzea berriro produkzio-zikloan sar daitezen. Fundazioaren ikerketa-ildo garrantzitsuenetako batek dio hiriak direla aldaketaren eragileak.

 

Cities in the circular economy, an inicial exploration azterlanak dioenez, hiri zirkularrek badituzte funtsezko elementu batzuk elkarrekin uztartzen dituztenak energia berriztagarrien erabilpena, diseinu eraginkorra eta teknologia digitalak. Eraikitako ingurunea eredu modular eta malgu bat da, zeinak aukera ematen baitu berrerabilpenerako, material birziklatuak erabiltzeko eta diseinu eraginkorraren bidez energia-gastua murrizteko. Gainera, eraikinek badituzte energia ekoizteko sistemak eta hiri-baratzeak.

 

Mugikortasuna ere ardatz garrantzitsua da, eta arlo horretan egitura intermodalak azpimarratu behar dira, hots, garraio publikoa, partekatua eta eskaerapekoa konbinatzen dutenak. Hala, auto pribatuaren erabilpena murriztuko da, eta hark okupatzen duen espazioari beste erabilpen batzuk eman ahal izango zaizkio. Bestalde, elikadura-sistema berriro diseinatuko da printzipio zirkularretan oinarrituta, eta hondakin guztiak berraprobetxatuko dira landa- eta hiri-nekazaritzan erabiltzeko, elikadurako hondakinak desagerraraziz. Prozesu horietan teknologia digitalek paper oso garrantzitsua dute, monitorizazioaren eta datuen analisiaren bidez eta aplikazio formako zerbitzu berriak sortuz.

 

Ellen MacArthur Foundation atarian eskura dagoen txosten horrek orobat aipatzen ditu hiri zirkularraren esparruan aztertzen jarraitu behar diren erronkak: nola ekonomia zirkularra baliagarri izan daitekeen enplegua sortzeko, hirian bizi-kalitatea hobetzeko eta hiriko komunitateen erresilientzia hobetzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow