Hiri jasangarria, IKTetatik harago

21 September, 2017

Basque Ecodesign Center-ek smart city edo hiri adimendunaren aukerak aztertzen ditu.

 

Une honetan, munduko biztanleen erdia baino gehiago hirietan bizi da. Prozesu geldiezina da eta portzentaje hori %66ra iritsiko da 2050erako. Kontrakoa pentsa baliteke ere, joera onuragarria da ingurumenarentzat, zeren jasangarriagoa baita hiri-gune oso populatuetan bizitzea landa-guneetan bizitzea baino, askoz txikiagoa delako landa-guneetako instalazioen, mugikortasun azpiegituren eta zerbitzuen aprobetxamendu-maila.

 

Basque Ecodesign Center Ideien Laborategiaren Smart hiria – Etorkizuneko hiri jasangarria argitalpenak dioenez, hiri adimendunek aukera sozioekonomiko garrantzitsuak dakartzate ekodiseinuaren bidez. Hiri adimendunaren terminoa hasieratik lotu zaio hiri konektatuaren ideiari teknologia digitalen bidez, halere askoz garrantzitsuagoa da hiri baten auzo, kale eta eraikinen planifikazioa. Hala, hiri adimenduna da “egungo eta etorkizuneko beharrizanak ziurtatuz, ingurumen printzipioetan eta printzipio sozioekonomikoetan oinarrituta garatzen den hiri adimentsu edo jasangarria”.

 

Basque Ecodesign Center-en arabera, sei irizpide orokor daude hiri adimendun bat hartakotzat hartzeko. Maila sozioekonomikoan, badira hainbat irizpide, hala nola, smart government, smart people, smart economy eta smart living, hau da, hiritarren parte-hartzea, integrazioa, pluraltasuna, sarbidea izatea zerbitzu soziosanitarioetara, erraztasunak ematea hezkuntza arloan, eta abar. Badira baita ere ingurumen irizpidea –zerbitzuen diseinua eta teknologia adimendunak- eta mugikortasun sostengarria.

 

Hiri adimendunak onura garrantzitsuak dakartza ingurumen arloan eta arlo sozial eta ekonomikoan. Hiri adimendunetan baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzen dira eta gutxiago kutsatzen da, eta, horrezaz aparte, hiritarren bizi-kalitatea hobetzen da eta negozio-aukera berritzaileak sortzen dira. Baina badira hiri adimenduna ezartzeko hainbat oztopo. Teknologiei dagokienez, produktu eta zerbitzu askoren kasuan smart city kontzeptua ilusio bat baino ez da, gailu elektronikoetara mugatzen delako, hau da, erosotasuna dakarte baina ez eredu aldaketarik. Maila sozialean, badira hainbat ohitura oso errotuta daudenak eta aldagaitzak direnak, esaterako, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna; bestalde, maila ekonomikoan, oso zaila da kalkulatzea inbertsioaren itzulkina eta, nolanahi ere, epe luzera bakarrik ikus daiteke.

 

Smart hiria argitalpena Basque Ecodesign Center Ideien Laborategiko ikerketa-ildoetako bat da. Basque Ecodesign Center lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da eta bere helburua da ekodiseinuaren arloko proiektu berritzaileak sustatzea. Basque Ecodesign Center erakundea osatzen dute SPRI Taldea eta Ihobe erakunde publikoek, bederatzi enpresek eta bederatzi euskal klusterrek.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow