Hautatuak dira Toribio Echevarria sarietarako hamar proiektu finalistak

20 July, 2016

Sariak uztailaren 28an emango dira.

Eibarren, 2016ko uztailaren 20an. Toribio Echevarria sarien epaimahaiak aurtengo ediziorako hamar proiektu finalistak hautatu ditu. Sari hauek duela 26 urtez geroztik ematen dira Eibarko Udalaren eta BIC Gipuzkoaren ekimenez, eta Euskadiko erreferente nagusia dira ekintzailetzako ideia eta proiektuen sariketa guztien artean.

 

Epaimahaiak hamar finalistak hautatu dituzte aurkeztutako 37 enpresa-ekimenen artean. Horietako 26 “Ideiak eta Proiektuak” kategorian aurkeztu dira eta 11 “Enpresa Berria” kategorian aritu dira lehian. Sari hauetako bakoitza 10.500 eurorekin hornituta dago, eta laguntza, prestakuntza eta aholkua jasotzeko aukerarekin. Badira beste sari batzuk ere, garapen teknologikoa edota internazionalizazio-prozesurako laguntza behar duten ekimenentzat. Gainera, “Iñaki Goenaga” Aintzatespena emango da Ekintzailetza Teknologikoa saritzeko, Eibarko ETEen eta ekintzaileen artean, berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin duten eta beren inguruko eraldaketa sozio-ekonomikoan nabarmenki lagundu dutenei zuzendua.

Aurkeztu diren hautagaien jarduera-esparruak sektore hauetan kokaturik daude: Industria/iraunkortasuna, Manufaktura aurreratua, Bizitzaren zientziak eta IKT.

“Ideiak eta Proiektuak” kategoriako finalistak dira “Simple-neb” Sare bibrakorreko lainoztagailua, Gogoa Mobility Robots, 3R Labs, Bio NC eta WimbiTek. “Enpresa Berria” kategorian, epaimahaiak hautaturiko bostak dira Tumaker, Countercraft, I+Med, Prospero Biosciences eta Vi4 Crane

 

 

“ENPRESA IDEIAK/PROIEKTUAK” KATEGORIA


Simple-neb” Sare bibrakorreko lainoztagailua
Gailu medikoen ikerketa, diseinua eta fabrikazioa, arnas terapien alorraren barruan.

 

Gogoa Mobility Robots
Mugitzen laguntzeko eta lesio fisikoak eta neuronalak errehabilitatzeko sistema robotikoen diseinua eta fabrikazioa.

 

3R Labs.
Molekula berritzaileen diseinua eta fabrikazioa, eta medikamentuen screeninga ehun-kultiboetan, gaixotasun-ereduekin zein gabe. Iraunkortasuna laborategien zerbitzura.

 

BioNC
Nanozelulosa ekoizteko eta haren aplikazio industrialetarako makineria diseinatzea, garatzea eta merkaturatzea.

 

WimbiTek
Basafauna monitorizatzeko sistemak.

 

 

“ENPRESA BERRIA” KATEGORIA 


Tumaker
3D inprimaketako ekosistema berri bat garatzea kontsumo handirako (mass market), 3D inprimagailu trinko, xume, sendo eta funtzional baten eta eduki-plataforma baten arteko konektagarritasunari esker.

 

Countercraft
Zibersegurtasuneko enpresa. Segurtasun-plataforma eskaintzen du esparru digitalean, kontrainteligentzia artifizialean oinarrituta.

 

I+Med
Medikamentuak kontrolpean askatzeko nanohidrogel biopolimeriko injektagarriak ikertzea eta garatzea.

 

Prospero Biosciences
Nanomintz eta elementu mekatroniko konplexuak (MCP detektagailuak) fabrikatzea, mihiztatzea eta probatzea, masa eta pisu handiko molekulak neurtzea ahalbidetzen duten masa-espektrometriako detektagailuetan ezartzeko.

 

Vi4 Crane
Hobietan soltean biltegiratutako produktuen manipulazioa automatizatzeko soluzio aurreratua.

 

 

Sari banaketa  

Toribio Echevarria sarien 26. edizioko sari banaketa uztailaren 28an izango da, goizeko 11tan, Eibarko IK4-TEKNIKERen, eta bertan izango dira Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia eta Eibarko alkate Miguel de los Toyos.

Sariketa hau sortu zenetik, 560 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saria jaso zuten proiektuek 35 milioi euro inguru inbertitu dituzte, eta 700 lanpostu baino gehiago sortu dituzte, gehienak kualifikazio-maila handikoak.

Eibarko udalak, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako haren Sailaren eta Bic Gipuzkoaren zuzendaritzapean, ekimen hau sustatu eta babesteari ekin dio, honako erakunde hauen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saileko Ekintzailetzako zuzendaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentua, SPRI, APD, Gipuzkoako Bazkundea, El Diario Vasco, Elkargi eta ADEGI, CEBEK eta SEA euskal patronalak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow