Haririk gabeko konexio azkarragoak lortzeko teknologia berriak

5 October, 2017
Proiektu hau irailean abiatu eta 2020raino luzatuko da

Ceit-IK4 zentro teknologikoa segundoko 100 Gb-erainoko abiadurako konexioak lortzea xede duen proiektu europar batean parte hartzen ari da

 

4.0 Industria delako paradigma berriak eta Gauzen Internetarekin (IoT) zerikusia duten teknologiek digitalki lotutako gero eta gailu adimentsuagoen garapena bultzatu dute, eta horretarako, nahitaezkoa da une oro abiadura optimoak bermatuko dituen haririk gabeko konexio egoki bat izatea.

 

Testuinguru honetan abiatu da Ceit-IK4 euskal zentro teknologikoa partaide duen DREAM deritzon proiektu europarra. Nonahi eta noiznahi abiadurarik goreneko haririk gabeko konexioa bermatzea da ekimen honen helburu nagusia.

 

Zehazkiago esanda, Europar Batasunak finantzatutako proiektu honek haririk gabeko teknologia berriak esploratuko ditu, segundoko 100 gigabiterainoko abiadurak eskainiko dituen konexioa segurtatu ahal izateko, 5 GBeko egungo potentzialtasuna hobetuz. Euskal zentroak ohar baten bidez jakinarazi duenez, honek egungo abiadura hamarrez biderkatzea ekarriko luke, zuntz optikoaren pareko haririk gabeko konexioa lortuz.

 

Proiektuaren bidez, sareko azpiegitura malguagoa eta egungoa baino merkeagoa garatu nahi da. Horretarako, ikertzaileek proiektuari diziplina anitzeko ikuspegitik ekingo diote, erdieroaleen nanoteknologietan, irrati-frekuentziako zirkuitu elektronikoetan eta sareko arkitekturetan izandako azken aurrerapenen laguntzaz.

 

Finlandiako Teknologian tutkimuskeskus VTT Oy ikerketa-zentroak koordinatutako proiektu hau irailean abiatu eta 2020raino luzatuko da. Ceit-IK4rekin batera, Europako beste hainbat erakunde proiektuaren partzuergoan sartuta daude: STMicroelectronics, III-V Lab, Erzia Technologies, Alcatel-Lucent Italia eta Paviako Unibertsitatea.

 

 

 

Ceit-IK4 enpresaren aurkezpen bideoa

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow