Gosasun: ehundik gora jarduera bizitza osasuntsuagoa izateko

15 March, 2016

174 antolakunde daude ohitura osasuntsuak sustatzeko Innobasquen Gosasun programaren barruan. Ekimen horren helburua da hiritarren bizi-kalitatea hobetzea lanean eta ingurune pertsonalean. Plataforma sortu zenetik, 128 jarduera osasuntsu partekatu dira Gosasun ekimenaren web orrian.

Martxoaren 11n programaren emaitzak aurkeztu ziren “Euskadi Lurralde Osasungarria: Gosasun sarearen helburu partekatua” izeneko jardunaldian. Topaketan ezagutzera eman ziren hainbat euskal enpresa eta erakundek gauzatutako ekimenak. Adibidez, Bilboko Portuko Agintaritzak programa integral bat sustatu du lantokian osasuna sustatzeko. Bestalde, Easo Politeknikoa zentroak jarduera fisikoa egiteko plan bat abiarazi du: Easongizatea. Ekimen gehiago ere aurkeztu ziren, hala nola, Eroskiren Energia hazteko programa, Euskadiko mila ikastetxe baino gehiagotara eraman dena, edo DSS2016 ekimenaren barruko Hiribiltzen proposamena, zeinak mundua iraultzea proposatzen baitu hiritik atera gabe, hiriko pasealekuak baliatuz.

Jardunaldian esan bezala, posible da bihotz-hodietako gaixotasunen arrisku faktoreen %80 saihestea bizi-ohitura osasungarriagoak hartzen badira eta, gainera, lantokian osasuna sustatzeko inbertitutako euro bakoitzak 5,9 euroko itzulera sortzen du. Gosasun ekimenak hiru ikuspegi osagarritatik bideratzen du osasunaren sustapena: elikadura, jarduera fisikoa eta osasun emozionala. Proiektua zabalik dago, osasuna sustatzeko ekintzak gauzatuz programarekin bat egin nahi duten enpresa, erakunde eta udalerri guztientzat.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow