Gorka Muñecas: finantzaketa lortu nahi genuke Euskadin, “kasitoko”k euskalduna izaten jarrai dezan

16 July, 2016

“Eraginaren Marketina” gorantz doan joera bat da, eta oinarrian duen ideia da produktu edo zerbitzu bat errazago erosten dela konfiantzazko norbaitek gomendatua denean. Markak konturatu dira sare sozialetako “celebrity” edo pertsona anonimoen jarraitzaileek sekulako balioa dutela, eta industria bat sortu da “Influencer” direlakoen inguruan.

Horrelako negozioak kudeatzeko Interneteko teknologia bat da “kasitoko”, eta “marketplace” bat sortu du, mota horretako lehena, non Influencer, publizitate agentzia eta iragarlez osatutako ehunka sarek ekintzak salerosi baititzakete denbora errealean, Facebook, Twitter edo Instagram bidez.

Gorka Muñecasek zuzendurik sortu zen Kasitoko, eta María Fernández bilbotarraren laguntza izan zuen horretarako (“Buscolook” startup-agatik ezaguna). Laguntzaile izan zituen baita ere Virginia López eta Carolina Andrade, marketin digitalaren arloko adituak biak, zeintzuek New Yorken garatzen baitute beren jarduera profesionala duela hainbat urtetik.

 

16 urterekin murgildu zinen ekintzailetzan, nolakoak izan ziren lehen urratsak?

14 urterekin hasi nintzen marketinaren munduan lanean, monopatineko babesleei esker. 16 urte nituela, skatearen industriak krisi handia jasan zuen, eta Bilbon desagertu egin ziren denda espezializatu guztiak. Babesleekin neuzkan harremanei esker, posta bidezko skate denda bat sortu nuen, Internet oraindik ia existitu ere egiten ez zenean. Hala, penintsularen iparraldeko skater askok patinatzen jarraitzeko aukera izan zuten.

Unibertsitatera iritsi nintzenean, elurretarako bidaiak saltzen nituen, eta asteburuetan zerbitzari-lanetan aritzen nintzen gauez pub batean… Sekula ez naiz geldirik egon. 

 

Laster hasi zinen munduan kurritzen… 

Europa eta AEBetara bidaiatu nuen skate txapelketetan parte hartzeko; unibertsitatea bukatu bezain laster Londresera joan nintzen Vespa batean, eta urtebete pasa nuen bertan. Handik Indiara eta Nepalera joan nintzen, denboraldi luzea igaro nuen Himalayaren eta Rajasthango basamortuaren artean.

Itzuli bezain pronto “mandatari” lanetan hasi nintzen nire babesleetako baten marketin sailean, “Reef” enpresan. Asko gozatu nuen lan hartan, eta are gehiago ikasi nuen. Enpresak auto-karabana bat jarri zidan, eta urtebetez gure produktuak saltzen zituzten denda guztiak bisitatu nituen, horrek aukera eman zidalarik retail negozioaren sekretuak deskubritzeko. Asteburuetan txapelketak antolatzen nituen, eta “branded content” edukiak egiten nituen surf, skate eta snow board taldeekin. Urtetako lan gogorraren ostean, Reef enpresaren jabeek Europarako marketin zuzendari gisa lan egitea eskaini zidaten, konpainiak Kalifornian duen egoitza zentraletik. 

 

Urte askotako esperientzia duzu Marketin, Komunikazio eta Publizitate alorretan, sektore eta herrialde desberdinetan

Kaliforniatik itzuli nintzenean asmoa nuen urte sabatikoa hartzeko, baina ezin izan nuen. Etorri berritan skate pistak fabrikatzeko enpresa bat sortu nuen; galdarategi eta ingeniari onak dauzkagu Euskadin. 10 urtez lan egin nuen Soda Ramps enpresarekin, eta beste proiektu batzuetan ere bai, krisia etorri zen arte. Krisiak bertan behera utzi zituen udalek skate parkeak egiteko zeuzkaten plan guztiak. Huraxe izan zen “euskal industria astunarekin” izan nuen esperientzia.

“Agroskate” ere sortu nuen, laurogeita hamarreko hamarkadan arrakastatxoa lortu zuen arropa marka. Nahiko produkzio handia geneukan, 80 denda espezializatu baino gehiagotara banatzen genuen.

2003an “Simple Comunicación” sortu nuen, nire lehen publizitate agentzia, erakundeentzako BTL (“Below The Line”) marketinean espezializatua. Abentura hark gutxi iraun zuen. Bazkidearengandik banatu eta SodaTV sortu nuen, Estatuko lehen “branded content” bideo agentzia. Konpainia harekin asko hazi ginen, batez ere Madrilen genuen bulegotik, eta hortik atera zen NativeAD, zuzenean San Frantziskora eraman ninduen spin-off teknologikoa. Esan liteke NativeAD dela Silicon Valley-ko estilora sortu, finantzatu eta kudeatutako nire lehen startup-a. MountainView-n hilabete batzuk pasa ondoren, New Yorkeko NativeAD egoitza ireki genuen, eta hara joan nintzen bizitzera 2013an.

Silicon Valley-ko azeleragailu garrantzitsuenean parte hartu izana eta startup-en ekosisteman bildutako esperientzia baliagarri izan zitzaizkidan 2014an, Bilbon, Nire iHealth sortzeko. Startup horretan sortutako aplikazioarekin norbere patologiak kudeatu daitezke sakelakotik, berak adierazten baitu zer jan eta zein ariketa fisiko egin behar den. 

 

Orain, AEBetan bizi zareten euskaldun batzuk beste sustatzaile batzuekin bat egin, eta “proiektu disruptiboa” sortu duzue elkarrekin 

NativeAD konpainiako zuzendari nagusia naizen aldetik, badut onlineko marketinaren nobedadeen berri. “Influencer-en marketina” 2015ean hasi zen hazten AEBetan, eta 2016an mundu mailako boom bilakatu da. Azkar hazi da oso, azkar eta ordenarik gabe. “Kasitoko” teknologiaren helburua da influencer-en marketinaren merkatua estandarizatzea. Maríak, Virginiak, Carolinak eta nik esperientzia handia daukagu AEBetako eta Latinoamerikako onlineko marketinaren munduan, eta ziur gaude formula aurkitu dugula influencer-en marketinerako marketplace global handiena sortzeko.

“Kasitoko” startup teknologiko bat da, eredu oso eskalagarria duena, eta, gure produktuaren kalitatea bermatzeko, “Ticketbits” enpresa sortu eta eskalatu zuen ingeniari talde berbera daukagu.

  

Editorial taldeak, “ad network” sareak, ekintzaileak, eta abar dira zuen bezero potentzialak 

Influencer-en marketinaren sektorean lan egiten duen edozein enpresaren kudeaketa integrala egiteko lehen ERPa da “kasitoko” teknologia. Negozioa “kasitoko” teknologiaren gainean eraikitzeak bizitza errazten die milaka ad network eta agentziari, orain arte “eskuz” egin behar izan baitute beren lana. Gainera, “kasitoko” doakoa da. Hala, ekintzaile askok negozio berriak sortu dituzte gure teknologiari esker. Gure negozio eredua honexetan oinarritzen da: iragarle batek influencer bat duen ekintza bat erosten duenean, inbertsioaren %20 guretzat da. 

 

“Kasitoko” startupa nazioartekotuta jaio da; Bilbon du epizentroa, baina aldi berean aurkeztuko da 11 herrialdetan  

“Kasitoko” enpresaren bazkideetako hiru AEBetan bizi gara, eta laugarrena Bilbon. Sortu genezakeen startup bat New Yorken, dena errazagoa baita han, baina Bilboren aldeko hautua egin genuen. Lantaldea hemen haziko da, hemen daude programatzaileak, eta Europarako negozioaren garapen- eta euskarri-taldea. Bilbok esperientzia gutxi dauka startup-en munduan, baina gogo handiko talentu gazte asko dago. Talentu horri gure esperientzia uztartzea botika ona izan liteke startup-en porrot portzentaje altuari aurre egiteko.

 

Sortu zinetenean bazenuten sendotasun ekonomikoa, baina orain azkarrago hazteko finantzaketa lortzea da zuen lehentasunetako bat

Ez dugu lehiakiderik, beraz, azkarrago sar gaitezke merkatu garrantzitsuenetan. Dagoeneko eskaerak jaso ditugu Indiatik, Turkiatik, Australiatik, Lituaniatik… Hala ere, erabaki dugu produktua ia aldi berean abiaraztea Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Espainian, Errusian, AEBetan, Mexikon, Brasilen, Kolonbian eta Txilen. Lehenak izateak abantaila emango digu, baina badakigu finantzaketa beharko dugula eraginkorki jarduteko.

  

Aurrerago ere lortu duzu beste startupentzako finantzaketa Silicon Valley, Madril eta Mexikon. 

Euskadin oraindik ez dago startupentzako ekosistema onik, ezin dezakegu parekatu munduko beste herrialde batzuetan daudenekin. Ticketbis eta horrelako batzuk kenduta, hemen oraindik lau hankatan gabiltza. Ezin dugu geure burua konparatu AEBekin, Israelekin, Hong Kongekin edo Londresekin, baina Bartzelona, Madril eta Valentzia ere aurretik dauzkagu oraindik.

NativeAD sortu nuenean, finantzaketa Euskadin bilatzen saiatu nintzen lehenik, baina ez nuen aurkitu. Ez business angel-ik, ez funts publiko edo pribaturik; inork ez zeukan gure negozio-eredua ulertzeko adinako heldutasunik. Silicon Valley-ko arrisku kapitaleko funts ezagunenetako bat izan zen gure aldeko apustua egin zuen lehena. Gero Madrileko eta Mexikoko inbertitzaile gehiago iritsi ziren; hala, konpainiak Euskaditik New Yorkera eraman zuen matrizea.

Lau urte igaro dira, eta espero dugu lortuko dugula “kasitoko” proiektuarentzako finantzaketa Euskadin, bertako izaten jarrai dezan ahalik eta luzaroen.

 

Aukera hau aprobetxatu nahi dugu aholkuren bat eman diezaiezun nazioartean ekintzaile izan nahi dutenei. 

Ez nuke inor animatuko ekintzaile izatera. Ideia batekin amets egin, martxan jarri eta eskalatzeko asko gustatu behar zaizu ideia hori; bestela, oso zaila da aurrera ateratzea. Ekintzaileak barnetik sentitzen du ekintzailetzarako deia, barruak eskatzen dio ahalegintzeko bere ametsa egia bihurtzen. Gainera, startup-en munduan ez dago arrakasta bermerik, ezta gogor lan eginda ere. Bizitzako momentu asko sakrifikatu behar dira, arrakastarako inolako ziurtasunik gabe. Startup bat sortzeko, negozioa eskalatzeko, eta, ahal bada, saltzeko, super-heroia izan behar da. Ekintzaile izan nahi dutenei gomendio bakarra emango nieke: azter dezatela ondo zein den beren “super-boterea”, eta bila ditzatela “super-botere osagarriak” dituzten bazkideak. Horrela bakarrik murrizten da porrotaren arriskua.

 

Info +: www.kasitoko.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow