Gonzalo Artiach, Decidata: “Amaitu da enpresak feeling bidez zuzentzea”

14 May, 2016

“Health&Fitness” industrian hamar urtetik gorako esperientzia duen Top Performers enpresaren sortzailea, filialak izan ditu Frantzian eta Suitzan. Gonzalok badu nazioarteko esperientzia, eta sakonetik ezagutzen du frankizien mundua. Horrez gain, hainbat sozietatetako kontseilaria eta AEA (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa) duten gaixoei laguntzeko “Siempre AdELAnte” elkarteko fundatzaileetako bat da.
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatu zen Deustuko Merkataritza Unibertsitatean, Deloitte eta Andersen auditoretza-konpainietan lan egin du, eta berriro heldu dio ekintzailetzari, kasu honetan Decidata enpresan, bere bazkideen laguntzarekin eta analitika aurreratuaren (Big Data) aldeko apustua eginaz.

 

 

Duela hamar urte hasi zenuen ekintzailetzaren ibilbidea Osasunaren eta Kirolaren munduan

Bai, ikastaro bat egin nuen AEBetan, eta, han Curves ezagutu nuen. “Lehen begi-kolpeko maitasuna” izan zen, eta jauzi egin behar izan nuen erremediorik gabe. Curves-ek erantzuna ematen zion estali gabe zegoen eskaera bati: emakume “arruntentzako” kirol eta osasun eskaerari. Zorionez, gaur egun asko hedatu da kirola egiteko ohitura, eta horrek denok behartzen gaitu hobetzera eta emakumezko bazkideak erakartzera.

Curves-en bagenuen bereizgarri bat, indar entrenamendu bat erantsi baikenion emakumezkoen programari, programa oso bihurtuz; gero eta aditu gehiagok ohartarazten dute indar entrenamendu hori oso garrantzitsua dela osasunerako.

 

 

Proiektu polita eta berezia, eta hainbat herrialdetara eraman zaitu gainera

Harro nago lana sortu dudalako eta milaka emakumeri lagundu diedalako beren osasuna hobetzen, baina “nazioarteko familia” bat izatea da esperientzia honek eman didan saririk handiena; 80 herrialdetara iritsi gara, eta topo egin dugu zenbait lankiderekin makina bat hiritako (gogoan hartu ditzakedanak baino gehiago) topaketa, ikastaro nahiz prestakuntza-saioetan. Marka amerikarra denez eta ni erdi frantsesa naizenez, askotan joan behar izan dut AEBetara, Erresuma Batura, Frantziara eta Suitzara. Bereziki harro nago Japoniako lankideekin sortu dudan lankidetzaz. Bi urte daramatzagu elkarrekin lanean, Bilbora etorri ziren beren know-how-a partekatzera eta pare bat aldiz gonbidatu gaituzte Japoniara; azken topaketan 6.000 japoniarrekin egon nintzen ekitaldi batean… Sekulako abentura!

 

 

Familiatik datorkizu enpresaritzarako grina, ADNan daukazu

Aitaren aldetik, 4. belaunaldiko enpresaria naiz, gutxienez. Amaren aldetik ere berdin… Besteren kontura lan egin izan dut enpresa handietan, baina nazkatu nintzen. Horrek eman zidan neure kabuz hasteko behar nuen indarra eta bultzada.

Hutsetik hasi nintzen arren, aitaren ispilua (Gonzalo Artiach Meda) izan dut beti eredutzat. Zorionez, harekin eztabaidatu izan dut eztabaidatu daitekeen guztiari buruz. Eta berak esaten zuen bezala, “zahar zuhurraren” aholkuak jaso ditut. Faltan botatzen dut hori guztia, baina uste dut badakidala zer esango lidakeen eta ondoan dut beti bere espiritua. Bere konstantzia eta animoa dira eredu onena, eta bere umorea botikarik onena.

 

 

Hain zuzen, familiako kontuengatik hasi zenuen “Siempre Adelante” zure proiektu soziala.

Bai. Neba-arrebekin batera, liburu bat idazten lagundu nion aitari (Tambor: el mundo según Gonzalo Artiach), eta haren diru-sarrerak AEAren aurkako borrokarako erabili genituen. Gero NYko maratoian arineketan egin nuen, eta 42.000 USD bildu genituen ikerketarako. Orduan ikusi genuen kirolaren bidez asko enpatizatzen dela AEAk sortzen dituen zailtasunekin.

Alberto Corcostegui, Andrés Azpilicueta eta Jaime Caballero adiskideekin batera jarri nuen abian “Siempre Adelante”, AEA duten gaixoei laguntzeko. Jaimeren balentriak (ultra-distantziako igerilari onena, ziurrenik) erakusleiho paregabea dira gaixotasuna ikusarazteko eta dirua biltzeko.  Virginia Berastegui (@3vir) triatletak ere bat egin du gure proiektuarekin, eta nahiago genuke gehiago bagina, ahal duguna egiteko ezin dutenen alde.

 

 

Unibertsitatearen ostean aholkularitzan jardun zenuen, eta, orain berriro sartu zara enpresentzako aholkularitzan DeciData proiektuarekin

Hala da, bai. Decidata matematikariz eta negozio aholkulariz (“datascientist eta translator”) osatutako enpresa bat da eta datuen analisian eta bistaratzean zentratzen da analitika aurreratuaren barruan (big data).

Gure ikuspegia berezia da enpresariaren/zuzendaritza-karguaren eskutik sartzen garelako, eta, negozioa eta konpondu nahi dituen arazoak ezagutu ondoren, algoritmoak jartzen ditugulako bere zerbitzura. Proiektu horiek inpaktu zuzena dute enpresaren emaitzetan eta neurgarriak dira.

 

 

Diotenez, Big Data etorkizuna da, baina, badirudi oraina dela etorkizuna baino gehiago!

Oraina da, zalantzarik gabe. Bereizteko eta lehiakortasun abantailak lortzeko aukera ematen die horretan murgildu nahi duten enpresei. Gainera, hemendik gutxira, big data kontuan hartzen ez duten enpresak jokoz kanpo geldituko dira, argazkigintza digitala kontuan hartu ez zutenak bezalaxe.

Esperientzia handia duten enpresetan ere, alegia, sektoreko lider direnetan, badira “denek onartzen dituzten egia batzuk”, baina datuek erakusten dute hori ez dela horrela.

Erosiko al zenuke “ustez” ongi balaztatzen duen auto bat? Ez, ziur egon nahi duzu ondo balaztatuko duela. Gauza bera gertatuko da hemen ere, enpresak ez dira zuzenduko feeling bidez. Zuzendariak behar dituen datuak izango ditu eskuartean, erabakiak ondo informatuta hartzeko.

Gure bezero batzuek aukera aprobetxatu dute, eta gogoeta sakona egiten ari dira beren negozio ereduari buruz edo beren buruaz duten irudiari buruz. Adibidez, bada enpresa industrial bat, 50etik gora urtetan produktu berberak fabrikatu dituena eta bide horri eutsi nahi diona baina, aldi berean, zerbitzu enpresa bihurtu nahi duena.

 

“Hobe da B plan bat izatea A pertsonekin, eta ez alderantziz”…
…DeciData A pertsonez osatuta dago”

 

Erronka berri horretan ondoan dituzu, besteak beste, Iñaki Pertusa eta Pedro Ruiz Aldasoro

Anderson School-en (UCLAko negozio eskolan) gauza bakarra ikasi nuen: “Hobe da B plan bat izatea A pertsonekin, eta ez alderantziz”. Iñaki, Pedro eta Pablo A pertsonak dira, dudarik gabe.

Iñakik ia hamar urte egin ditu aholkulari estrategiko gisa, eta langile nekaezina izateaz gain, gaitasun izugarria du ikasteko eta ondorioak ateratzeko.

Pablo matematikako doktorea da eta 3 urteko esperientzia du horrelako proiektuetan, eta, bera da horrelako ekimenetarako “perla beltza”.

Pedrok, sorkuntzarako eta didaktikarako duen gaitasunaz gain, dozenaka urtetako esperientzia ematen digu; bera da gure “agure jakintsua”, edozein enpresa proiektutan hain beharrezkoa den hausnarketaz arduratzen dena.

Era berean, aliantzak dauzkagu beste herrialde batzuetan lan bera egiten duten enpresekin (Frantzia eta Holanda) eta balio-katea osatu dezaketen beste batzuekin.

Nire iritziz, DeciData A proiektua da, horregatik erabaki dugu buru-belarri murgiltzea.

 


Jarduera horrekin batera, hainbat sozietatetako kontseilaria zara, eta abian duzu baita ere zure erronka zailena: familia bat sortzea.

Bazkide naiz baita ere DataBeers Euskadi antolakundean, datuen eta garagardoen inguruan komunitate bat sortzeko ekitaldi informal eta kolaboratiboan… Datuekin lotutako istorio errealak kontatzen ditugu sektoreko beste profesional batzuekin. Interesaturik dauden guztiak gonbidatuta daude hizlari bezala parte hartzera edo antolakundean sartzera.  Maiatzaren 19an egingo dugu bigarren ekitaldia, berriro ere Icaza Colaborandoren egoitzan. Espero dugu “aforoa beteta” kartela esekiko dugula, lehen edizioan bezalaxe.

 

Parte hartzen dut orobat Nuño Arroyoren “N Capital” search fund erakundean. Karrerako lagun handia da Ñuño, eta gaitasun handiko pertsona. Antage anti-aging enpresan ere bai, Marta Marco Gardoquirekin, emakume efiziente eta ausarta inondik ere; eta Frantziako Triennes upategian Jacques Seysses-ekin (haurtzaroko laguna, eta eurek esaten duten bezala, nire aitaren “anaia frantsesa”) eta Auber de Villaine-kin (romanee conti jatorri deituraren jabea). Beren aholkuak entzuteaz gain, dibidenduen zati bat edaten dugu: ba al da ezer hoberik?

 

Eta familia… Horixe da inbertsiorik onena! Nahiz eta famili kontuetan jakinekoa den gauza bakarra da gastu pila izango dituzula… Elena emazteak eta nik alaba osasuntsu eta zoriontsu bat daukagu, 2 urte beteko dituena igandean. Denek esaten dute ezin dela jakin zer den aita izatea, harik eta zaren arte, eta hala da. Zorionez, badauzkagu aitona-amonak, osaba-izebak eta lehengusuak, ezin dugu gehiago eskatu.

Espero dut hemendik urte askotara, balantzea egiten dudanean, enpresa horixe izatea nire emaitzarik onena… Egia horrexek baino ez du balio, gainerako guztiaren motorra baita.

 

Info+: www.DeciData.es

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow