Eusko Jaurlaritzak parte-hartzea bultzatzen du lurraldearen etorkizuna erabakitzeko

9 June, 2016

LAGen berrikuspenak parte-hartze plan bat barne hartzen du, eta parte-hartze hori fisikoa nahiz digitala izan daiteke.

LAG-Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroak Euskadiren lurralde estrategia definitzeko araudia dira. Egun indarrean daudenak 1997an ezarri ziren, eta iaz Eusko Jaurlaritzak berrikuspen prozesu bat martxan jartzea erabaki zuen. Prozesu horren barruan parte-hartze plan zabal bat dago, zeinaren bidez bilduko baitira erakundeen, eragile sozialen eta gizarte zibilaren ekarpenak.

 

LAGek euskal hiritarren eguneroko bizitzako hainbat alderdi arautuko dituzte, esaterako: espazio naturalen eta ondarearen babesa, bizitegi-guneen edo gune industrialen kokapena, garraio azpiegituren ibilbideak edota uraren eta energiaren kudeaketa. Horregatik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak prozesu parte-hartzaile bat jarri du martxan hiritarren iritziak biltzeko, eta topaketa presentzialak nahiz espazio digitalak antolatu ditu horretarako.

 

Parte-hartze fisikoari dagokionez, tailerren egutegi bat egin da Euskadiko hainbat herritan. Datozen asteetan topaketak egingo dira Arrasaten, Amurrion, Bilbon, Zarautzen, Gernikan, Tolosan eta Igorren. Hiritar guztiek parte hartu ahal izango dute tailer horietan aurretik izena eman badute, eta irailean kontraste saioak egingo dira hiru Lurralde Historikoetan. Prozesu osoa gardena izan dadin, topaketa bakoitzeko ekarpenak prozesu parte-hartzailearen web orrian esekiko dira.

 

Gainera, espazio digitalak ere gaitu dira iritziak eta ekarpenak biltzeko. Irekia atarian eztabaida bat ireki da LAGen berrikuspenari buruz; atari horretan berrikusi beharreko Oinarrizko Dokumentua kontsulta daiteke eta testuaren gaineko aipamenak egin daitezke. Era berean, inkestak ere egin dira prozesuak barne hartzen dituen gaiei buruzko iritzia biltzeko: paisaia, ingurune fisikoa eta azpiegitura berdea, landa ingurunea, hiri ingurunea, mugikortasun sostengarria, ura, energia eta gobernantza. Sare sozialetan ere egin daitezke ekarpenak, dela Twitterren (#DOT_Euskadi traola erabiliz) edo dela Facebooken.

 

Jaurlaritzak ekimenarentzat ireki duen atarian kontsulta daitezke prozesuari buruzko dokumentuak eta informazioa. LAGak berrikusteko prozesuak hiru urte inguru iraungo du, eta fase bakoitzeko mugarri garrantzitsuenak azaroan urtero egiten den Euskal Hiria Kongresuan aurkeztuko dira.

 

EAEko Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroen berrikuspena

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow