Global Shapers Bilbao, mundua aldatzeko gogoa duten gazteak

21 July, 2016

Ekimen honek tokiko ingurunean inpaktua izango duten 3 erronka sozial aurkeztu ditu.

 

Global Shapers nazioarteko sarea 2011n sortu zen. Mundu osoko gaztez osatuta dago eta denek dute helburu bera, alegia, aldaketa positiboak eragitea beren ingurunean. Davoseko Foroak sustaturik, 450 hub baino gehiago ditu, eta Bilbok ere bat egin du proiektuarekin, gune berri bat sortuz.

 

Ekainaren 18an aurkeztu zen Global Shapers Bilbao komunitatea, eta ekitaldi hartan bertan plazaratu ziren hub berriaren lehenengo hiru erronkak. Fair Saturday da lehena, elkartasunezko ekitaldiak antolatuz, kultura eta inpaktu soziala uztartzen dituen ekimena. Ideia hori Euskadin sortu zen 2014an Jordi Albaredak bultzaturik, eta pixkanaka, hainbat kultur erakundek eta artistak bat egin dute proiektuarekin; hala, 2015ean 200dik gora ekitaldi egin dira 45 hiritan. Asmoa da azaroko azken larunbatean jarduerak antolatzea, gero proiektu sozialetara bideratuko diren funtsak biltzeko.

 

KoopSF34 da Global Shapers Bilbaoren beste erronka bat. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, laguntza eta aholkularitza ematen dizkiena San Frantzisko auzoan bizi diren afrikar ekintzaileei. Espazioak mikro-enpresa haztegi gisa funtzionatzen du, komunitatearen garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko, eta une honetan 11 enpresa proiektu barne hartzen ditu. Global Shapers Bilbao proiektuko gazteek Alberto Alemannok sortutako The Good Lobby ekimena ere bultzatuko dute. Proposamen honen asmoa da GKEek, ikasleek eta hezkuntza arloko pertsonek nahiz langile profesionalek osatutako lobby sozial bat sortzea, eragina izateko politika publikoetan.

 

Ikashub, ImproveChange.org, Deustotech eta Innobasque dira Global Shapers Bilbao ekimenaren bultzatzaileak eta Bizkaia Talent erakundearen laguntza ere badu. Hub sareak 5.000tik gora shaper biltzen ditu mundu osoan, eta shaper horiek 20 eta 30 urte bitarteko gazteak dira, “pentsatu globalki, ekin lokalki” filosofia partekatzen dutenak.

 

Global Shapers Community

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow