Gidatze eraginkorraren aldeko seinale sentsorialak

12 April, 2017

Sistema Ceit-IK4 zentro teknologikoak, Datik enpresak eta Dbusek garatu dute

Ceit-IK4k, Datik enpresak eta Dbus garraio-konpainiak gidatzen laguntzeko garatu duten sistema berri bat Donostiako zenbait autobusetan probatzen ari da

 

Donostiako hiri-garraio publikoa kudeatzen duen Dbus konpainiak hiru hilabeteko proiektu pilotua abiarazi du, ibilgailuaren gidariarekin komunikatzeko seinale sentsorialen erabilpenean oinarritzen den gidatzen laguntzeko sistema berri bat probatzeko.

 

NONVIS deritzon sistema Ceit-IK4 euskal zentro teknologikoak, Irizar taldeko Datik enpresak eta Dbusek garatu dute, autobus bidezko garraio publikoaren eraginkortasuna eta erakargarritasuna hobetzea xede duen EBSF 2 (European Bus System Of The Future 2) proiektu europarraren barruan.

 

NONVIS entzumena eta ukimena bezalako kanal sentsorialak erabiltzen dituen mekanismo batean oinarrituta dago, gidariari gidatzea eraginkorra den ala ez jakinarazteko. Funtzionaltasun hauek Dbusek 2013. urtean ezarri zuen EKObus laguntza-sistemaren osagarriak dira. Azken gailu honek tablet bat du euskarri, eta gidariari laguntzeko moduko mezu birtualak bidaltzen ditu.

 

Proiektu europarraren barruan garatutako teknologia horren bidez, erregai fosilen kontsumoa gutxitu eta emisio kutsatzaileak murriztu nahi dira. Horretarako, sistemak eraginkortasun-maila kalkulatzen du aldiro, eta gidariak bibrazio bat jasotzen du eserlekuan gidatzeko moduak eraginkorra izateari utzi badio, edota soinu-seinale bat era ekologikoan eta ekonomikoan zirkulatzen baldin badu.

 

Proiektu pilotu honek Gipuzkoako hiriburuko autobusen kontsumoari buruzko datuak eta sistemak gidariari bidaltzen dizkion mezuak biltzen lagunduko du. Gerora, informazio hori guztia Erromako La Sapienza unibertsitateak ebaluatuko du.

 

EBSF 2 proiektua Europar Batasuneko Horizon 2020 programari atxikita dago. Ekimen honen barruan, beste proiektu pilotu batzuk egingo dira Europako beste 11 hiritan. Donostian, halaber, autobusen tailer barruko mantentze-lanak optimizatzeko gailu adimendun baten garapena gauzatzen ari da, eta autobus elektrikoaren diseinu berri bat lantzen ari da mugikortasun mugatua duten bidaiarien irisgarritasuna hobetzeko.

Erlazionatutako artikuluak