Gida bi, gardentasunerantz eta hiritarren parte-hartzerantz nabigatzeko

28 January, 2016

Oraintsu argitaratu dira “Bidaia-gida, Parte-hartzea. 100 Esplorazio, hurbilketa eta ibilbiderako orientabideak ”, eta “Gardentasunean ontziratuko gara ” gidak, euskal administrazio publikoen barruan parte-hartzea eta gardentasuna sustatzeko. Bi gida horiek Internetez deskargatu daitezke, eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zurian hartutako konpromisoen barruan kokatzen dira.

Bi argitalpenak bidaia-gida bat imitatuz diseinatu dira, arinak eta sinpleak izan daitezen. Lehenengoak parte-hartzea du ardatz, eta giltzarri garrantzitsuenak jasotzen ditu administrazio publikoaren barruan prozesu parte-hartzaile bat hasteko. Eskuliburuak hiru bloke dauzka: prestakuntza, bidaia, eta ondorena. Fase bakoitzak bere baitan hartzen ditu kontuan hartu beharreko alderdiak: parte-hartze prozesu baten arriskuak eta aukerak, berau definitzeko urratsak eta gizartearentzako itzulera.

Bigarren gida, “Gardentasunean ontziratuko gara” izenekoa, teknikoagoa da, langile publikoei eta politikariei zuzendua. Helburutzat du oinarrizko kontzeptuak eta printzipioak argitzea, eta hainbat tresna ematen ditu kudeaketa publikoa gardenagoa izan dadin. Hainbat gai lantzen dira gida horretan, esaterako, datu publikoen erabilera, informazio publikoa jasotzeko eskubidea, datu pertsonalen babesa eta gardentasun handiagoa ematen duten antolakuntza ereduak.

Eusko Jaurlaritzak estrategia baten baitan plazaratu ditu argitalpen horiek, estrategia horren bidez  gai publikoen arloko hiritarren parte-hartze, gardentasun eta kolaborazio printzipioak barneratzeko. Esparru horretan sartzen dira, halaber, Eusko Jaurlaritzan erantzukizun publikoa duten pertsona guztiek 2013an sinatutako Jokabide Egokien Kode Etikoa, 2014an onartutako Berrikuntza Publikorako Plan Estrategikoa eta Gardentasun, Hiritarren Parte-hartze eta Gobernu Onerako etorkizuneko Legea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow