Getxo Elika, elikadura osasuntsua bultzatzeko komunitatea

1 otsaila, 2018
Getxo Elika proiektuaren ataria.

 

Proiektu horrek inpaktu sozial eta ekonomikoa duten ekimen berritzaileak sustatuko ditu

Etorkizuneko erronka garrantzitsuenetako bat elikadura da. Aldaketa demografikoek, aurrerapen teknologikoek eta hiritarren ohitura aldaketek berekin dakartzate premia berriak, baina baita ere zerbitzu nahiz produktu berritzaileak sortzeko aukerak. Elikaduraren sektorea funtsezkoa da euskal ekonomiarentzat, hainbeste ezen RIS3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren barruan sartuta baitago aukera-esparru gisa.

 

Baina elikadura ohiturak ez dira bakarrik garapenerako aukera bat, baizik eta baita ere erronka handi bat gizartearentzat eta hezkuntzarentzat. Gaur egun, euskal gazteen erdiak baino gehiagok ez du frutarik jaten egunero, eta portzentaje hori %80rainokoa da barazkien kasuan; aldiz, azukre eta gatz kontsumoaren eguneroko batez bestekoa gomendatutakoaren bikoitza da. Elikadura desegokia dela medio, 3 haurretik batek gehiegizko pisua du, eta gutxi gorabehera biztanleen erdiak kolesterol altua du.

 

Elikadura osasuntsu eta sostengarriagoa lortzeko xedez, eta horrekin batera negozio-aukera berriak sortzeko asmoz, Getxoko Udaleko Ekonomi Sustapen Sailak eta Getxo Kirolak-ek Getxo Elika proiektua jarri dute martxan, Peñascal Kooperatibaren laguntzarekin. Ekimenaren helburua da topagune eta ezagutzen trukerako espazio izatea elikadura osasuntsuaren sektorean.

 

Proiektuaren lehen jarduera-ildoaren bidez komunitate bat sortuko da, eta ekoizleek, industriak, merkatariek, ostalaritzak eta hiritarrek osatuko dute komunitate hori. Asmoa da konexio horiek baliagarri izan daitezela ase gabeko premiak detektatzeko eta konponbide berriak garatzeko, zeintzuek biztanleriaren bizi-kalitatea hobetuko baitute, eta enplegua sortu. Horretarako, Peñascal Fundazioak Faduran duen Ostalaritza Zentroak gune bat eskainiko dio Getxo Elika proiektuari prestakuntza emateko, esperimentatzeko, eta prototipo berriak garatzeko. Espazio digital bat ere prestatuko da, elikadura osasuntsuari buruzko ezagutzak eta esperientziak partekatzeko.

 

Getxo Elika proiektua bat dator Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak 2017ko irailean aurkeztu zuen Euskadi 2020 Gastronomia eta Elikadura Plan Estrategikoarekin. Plan horrek proposatzen du euskal elikadura eta gastronomiaren garrantzia handitzea, datozen 3 urteetan sektorea BPGaren %10,5etik %12raino haz dadin, horretarako ia 2.500 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua egingo delarik. Estrategia horren helburu estrategikoak dira ETEei laguntzea negozioa sortzen, sostengarriago eta eraginkorrago izango diren produkzio-sistema berriak sortzea, prestakuntza-programak prestatzea elikadura osasuntsua bultzatzeko eta tokian tokiko kalitatezko produktuak sustatzea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow