Feminismoen, artearen eta diskurtso garaikideen arteko begirada transbertsalak

4 February, 2016

Otsailaren 16tik 26ra Transversales / Zeharkakoak topaketa antolatuko da Bilbon,  artearen, feminismoen eta askotariko diziplina akademikoen arteko konexioak aztertzeko. 10 egun horietan tailerrak eta mahai-inguruak egingo dira hainbat gai lantzeko: arkitektura eta hirigintza, zientzia, ekonomia, teknologiak eta sorkuntza digitala, e.a. Guerrillas Cotidianas kolektiboa izango da topaketaren koordinatzailea, eta saio guztiak doakoak izango dira.

Egitarauan hiru tailer daude, eta parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena. Lehenengoan kazetaritza feminista eta fikziozkoak ez diren narratibak aztertuko dituzte, parte-hartzaileak komunikazio arloko ikuspegi feministara hurbilduko direlarik. Otsailaren 18an eta 19an “Rekease. Soinu mapa feministak” tailerra egingo dute, soinuekin nahiz narrazio-elementuekin esperimentatzeko. Hirugarren tailerrak “Emakumea eta kodea. Aitzindari digitaletatik natibo digitaletara” du izena, eta otsailaren 22tik 24ra luzatuko da. Ikastaro horrek helburutzat izango du programazioaren oinarrizko kontzeptuak ikastea, eta ondoren, ibilbide bat egitea ikusizko artista garrantzitsuenen lanetan barrena.

Otsailaren 23tik 26ra bitartean lau mahai-inguru ireki egingo dituzte, eta horietako bakoitzean diziplina akademiko bat landuko dute feminismoaren eta sorkuntza artistikoaren ikuspegitik. Hala, hizpide izango dituzte, besteak beste, diskurtso mediko eta zientifikoak sexualitatearen eraikuntzan, hirigintza generoaren ikuspegitik edota ekonomia feminista.

Jardunaldiak publiko orokorrari zuzenduta daude, eta UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egingo dira, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta EHUKultura erakundearen laguntzarekin.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow