Famili enpresa indartu egin da Euskadin, eta bertan egingo da Famili Enpresa Erakundearen kongresu nazionala

11 iraila, 2015
Famili Enpresaren XVII. Kongresu Nazionala

Industri arloko famili enpresak izango dira kongresuko eztabaidaren ardatza. Bilbon egingo da urriaren 25, 26 eta 27an, “Hazkundea eta enplegu sorkuntza” lelopean. Euskadiko Famili Enpresaren Elkartea pasa den maiatzean sortu zen

Urriaren 25, 26 eta 27an Famili Enpresaren XVII. Kongresu Nazionala egingo da Bilbon. Hauxe da topaketaren helburua: ekintzaile handien topagune nagusia izatea, iritzi publikoari famili enpresen kezkak helaraztea, eta estrategia korporatiboaren, enpresa kudeaketaren eta famili gobernuaren arloetako jardunbide egokien zabalkundea egitea mundu mailako ospea duten adituen eskutik.

Kongresu hau Famili Enpresaren Erakundeak (IEF) antolatu du Aefame-Euskadiko Famili Enpresen Elkartearen laguntzarekin. Eztabaida eta analisi guztien ardatza industri arloko famili enpresa izango da, horregatik FFPko presidente (Peugeot familiaren holding nagusia) Robert Peugeot-en hitzaldia izango da garrantzitsuenetako bat: “Industri arloko famili enpresa baten arrakastaren historia”. Kongresuaren beste interes-gune bat “Politika Industriala: energia, funtsezko faktorea” mahai-ingurua izango da, eta Ignacio Sanchez Galanek parte hartuko du.

Kongresuan zehar famili enpresei buruzko bi azterlan aurkeztuko dira: “Famili Enpresaren 2020ko Ikuspegia” eta “Famili Enpresak Espainian”.  Gainera, Famili Enpresaren Erakundeak bere urteko batzarra egingo du, non ehun enpresa inguru elkartuko baitira, denak ere liderrak beren sektoreetan (Inditex, Ferrovial, Acciona, Puig, Planeta, Mercadona, Mango, Almirall, Barceló…).

Espainiako famili enpresen zifrek erakusten dute zein garrantzitsua den sektore hori guztizko ekonomiaren barruan, izan ere enpresa guztien %85 dira eta BPGaren eta enplegu pribatu osoaren %70 sortzen dute.

Euskadiko Famili Enpresen Elkartea (AEFAME)

AEFAME irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2015ean sortu zena eta, beste erakunde batzuekin kolaboratuz, Euskadiko famili enpresen erreferentzia instituzional, sozial, ekonomiko eta akademikoa izan nahi duena. Famili Enpresen Erakundean (IEF) integratuta dago. Gaur egun hamabi enpresa inguru dira erakunde horretako bazkideak, eta beste batzuk sartzekotan dira.

Hauek dira AEFAME elkartearen helburuak:

– Famili enpresariaren figura aldarrikatzea eta bere barne zein kanpo kudeaketaren erronkei erantzuten laguntzea.

– Famili enpresaren profesionaltasuna sustatzea eta hurrengo belaunaldiak barne hartzea.

– Bere marko juridiko eta fiskala hobetzen laguntzea eta araudi, lan eta enpresa arloetako jardunbide egokiak bultzatzea.

– Enpresa kultura, baloreak eta ezaugarriak sustatzea.

– Iritzi publikoari beren errealitatearen berri ematea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow