Fabrikazio aurreratuko teknika berriak, enpresa txikietatik hurbilago

10 November, 2015

Industria-manufakturako teknika berrien onurak enpresa txiki eta ertainetara hurbiltzeko asmoz, enplegu eta enpresen sorkuntza bultzatzea xede duen Behargintza Basauri-Etxebarri erakundeak fabrikazio aditiboaren eta 3D teknologien abantailei buruzko jardunaldiak antolatu ditu.

Saioak Bizkaiko Basauri herrian egingo dira azaroaren 20an eta 27an, eta teknologia berriek prototipo, tresna eta piezen fabrikazioan dituzten industria-aplikazioak ezagutzera ematen lagunduko dute.

Hilaren 20an, fabrikazio aditiboak eskaintzen dituen aukerak aurkeztu eta inguruko enpresetan izandako egiazko kasu batzuk azalduko dira. Topaketaren osagarri gisa, industria-mota desberdinetarako fabrikatutako piezen erakusketa bat jarriko da ikusgai.

Hilaren 27ko saioan, aldiz, fabrikazio aditiboko laborategi bat sortuko da, eta horri esker, bertaratutakoek 3Dko manufaktura, inprimaketa eta eskaneatze prozesuetan parte hartzeko aukera izango dute.

Materiala geruzaz geruza gaineratzen duten fakrikazio-teknika hauek, metal-ebakidurako ohiko mekanismoen bitartez arras zailak eta garestiak izango liratekeen konplexutasun handiko geometriak sortzea ahalbidetzen dute. Gainera, materiala aurreztu eta hondakin gutxiago sorrarazten dute.

Teknika hauek, fabrikazio-ingurune konbentzionaletan teknologia aurreratuak transferitu eta horren bitartez industriaren lehiakortasuna areagotzea xede duen 4.0 industria edo laugarren industria-iraultza deritzonari atxikita daude.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow