Eusko Jaurlaritzak ZTBESko agenteen artean lankidetza-ikerketa sustatzeko programa bat ipini du martxan

24 July, 2015

Arantxa Tapia sailburuak ELKARTEK aurkeztu du CIC Nanogunera egindako bisitaldian, eta zentroaren ibilbidea eta ikerketari egindako ekarpena goraipatu ditu. nanoGUNEk lau enpresa sortu ditu sei urtean, eta euskal enpresen eskura jarri nahi ditu nanomunduaren aukerak.

 Arantxa Tapia sailburuak CIC nanoGUNE zentroa bisitatu du gaur goizean, eta, zentroko zuzendari Txema Pitarkerekin batera, bertatik bertara ezagutu ditu proiekturik berritzaileenak. Sailburuarekin batera izan dira Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáez eta Teknologia eta Estrategiako zuzendari Leire Bilbao.

Tapiak adierazi du beharrezkoa dela zientzia- eta teknologia-sistema Euskadiko enpresen esku ipintzea, eta gogorarazi du sistema hori osatzen duten eragileak berrantolatuta daudela.

Halaber, esan du ikerleen ibilbide profesionala errekonozitu beharra dagoela, eta ZTBES berriki berrantolatu izanak horretan lagundu duela. Era berean, ELKARTEK programaren berri eman du: 20 milioi euro bideratuko dira lankidetza-ikerketa estrategikoetara.

Euskal enpresen eskura jarri nahi ditu nanoGUNEk nanomunduaren aukerak

NanoGUNEk, nanozientzia eta nanoteknologiarako euskal zentroak, 2009an zabaldu zituen ateak, Eusko Jaurlaritzaren bi ekimen garrantzitsuren bidez: nanoBasque estrategia eta Ikerketa Kooperatiboko zentroen (CIC) sarea abiaraztea. NanoGUNEri bikaintasuneko ikerketa-zentro bilakatzeko misioa ezarri zitzaion, Euskal Herriko lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa areagotzeko.

Sei urte hauetan, nanoGUNEk aurrera egin du nabarmen, aparteko azpiegitura eta punta-puntako ikertzaileak, ikerketa-taldeen gidaritza bere gain hartu dutenak, batu baititu (Ikerbasque ikertzaileak guztiak). Gaur egun, 70 zientzialarik baino gehiagok osatzen dute lantaldea (gehienak aldi baterako ikertzaileak eta 25 herrialdetakoak). Ikerketa-talde honek, mundu osoko puntako taldeekin elkarlanean, emaitza bikainak lortu ditu oinarrizko ikerketan, mundu osoan aintzat hartu eta erabiltzen direnak. Guzti horri esker, teknologiaren transferentzia egin ahal izateko posizionamendu egokia lortu du nanoGUNEk, eta hori oso garrantzitsua izan da oinarri zientifiko-teknologikoa duten enpresa berrien sorkuntzan bereziki. Horrenbestez, esan dezakegu nanoGUNE mundu mailako aitzindarietako bat dela arlo bereziki lehiakorretan, hala nola grafenoaren arloan —karbono atomoz osatutako geruza bakuna—.

Orain arte, nanoGUNEk lau enpresa sortu ditu: Graphenea, kalitate handiko grafeno-olatak komertzializatzeko; Simune, eskala atomikoko simulazioak, formakuntza eta euskarria eskaintzeko; Ctech-nano, materialei nahi diren ezaugarriak emateko estaldura eta ekipamenduak diseinatzeko; eta Evolgene, nanoGUNEk paleoentzima ultraeraginkorren berpizkundean duen ezagutza bioerregaien ekoizpenean erabiltzeko. Horretaz gain, 2015ean, beste enpresa bat (Prospero) sortzeko lan-ildo berri bat zabaldu du nanoGUNEk: masa espektrometriarako detektagailuak saltzea izango du helburu.

Bestalde, produktu berriak merkaturatuz ere sustatzen ari da teknologiaren transferentzia: esate baterako, “nahierara egindako nanozuntzak” (ehunak birsortzeko, bioteknologiarako, jakien industriarako, ehungintzarako, plastikoetarako, iragazkietarako, etab. erabili daitezkeenak), eta 3D inprimagailu oso berezi bat (Nanoburu), erabiltzaileari zuzenean nanozuntzak produzitzeko aukera emango diona. Azpimarratzekoa da, era berean, nanoGUNEk patente batzuk lizentziatu dituela dagoeneko; azkena, Danimarkako BluSense enpresari. Enpresa horrek teknologia patentatua erabili du mediku-analisiak egiteko gailu eramangarri bat ekoizteko, zeinak sakelako telefono bat konektatuta hainbat gaixotasun diagnostika ditzake bost minutuan eta odol-tanta bakarra erabiliz.

Bestetik, nanoBasque agentziak sustatzen dituen arlo estrategikoak gidatzea eta koordinatzea denez nanoGUNEren bokazioa, Euskal Herriko ikerketa-taldeen arteko lankidetza bultzatzen ahalegindu da, Eusko Jaurlaritzaren Etortek proiektuen barnean bereziki. Abiarazi den azken proiektuan, bat egin dute nanoGUNE, Tecnalia eta IK4ren gaitasunek (oinarrizko ikerketatik), Euskal Herriko hainbat enpresaren beharrei erantzuna emateko. Nanozientziak eta nanoteknologiak ematen dituzten aukerak ustiatzea du helburu proiektu horrek, itsas eta industria-inguruneetako korrosio- eta inkrustazio-arazoei aurre egiteko. Materialen narriaduraren aurkako konponbide bat topatzeak eragin handia izan dezake, besteak beste, zubieak, off-shore plataforma eolikoak edo itsasontziak bezalako azpiegitura estrategikoetan,, eta merkatu-aukera berri bat zabalduko luke zalantzarik gabe.

ELKARTEK, ikerketa-programa berria

Horrekin loturik, Tapiak adierazi du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ELKARTEK izeneko programa berri bat duela martxan, 20 milioi euroko partidarekin. Helburua oinarrizko eta industriarako ikerketa sustatzea da, guztia ere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten eragileek elkarren artean lankidetzan jardunda.

ELKARTEK programaren helburua sareko eragileek emaitza hobeak eskuratzea da, lankidetzaren bitartez.

Onartu berri den ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak eragile bakoitzaren helburua eta posizionamendu jakinak zehazten ditu, espezializazioari, bikaintasunari eta I+G+Bko balio-katean duen egoerari begira, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen- eta gizarte-kateari ahalik eta balio handiena emateko, guztia ere lankidetzaren eta osagarritasunaren bitartez.

Berrantolaketa hori kontuan izanik, ezinbestekoa izango da eragileak dekretu berriaren arabera berriro akreditatzea, programa berri honetan parte hartu ahal izateko.

ELKARTEK programak diruz lagunduko dituen proiektuak

1.- Lankidetzan egindako oinarrizko ikerketa-proiektuak:

Euskadiko 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasota dauden espezializazio-esparruetako sailetako jakintza-alorrak zabaltzea helburu duten proiektuak. Fabrikazio aurreratuarekin, energiarekin eta osasungintzarekin lotutakoak.

ZTBESko eragileen artean lankidetzan egindakoak beharko dute izan; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko hiru eragile-tipologiatako eragileen artean eginak, alegia.

Proiektu batek diru-laguntza jasotzeko, gutxienez 150.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko da proiektuko, 50.000 eurokoa partaide bakoitzeko.

2.- Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko I+G unitateek gidatutako oinarrizko industria-ikerketako proiektuak, trakzio-gaitasun handikoak eta merkatuan inpaktu handia izan dezaketenak, betiere Euskadiko 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasota dauden espezializazio-esparruetan lerrokatuta.

Enpresetako I+G unitateek modu indibidualean egin ahal izango dituzte, edota enpresetako I+G unitateek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko beste eragile batzuekin lankidetzan; azken kasu horretan, ezinbestekoa izango da enpresako I+G unitate batek gidatzea proiektua.

Proiektu batek diru-laguntza jasotzeko, gutxienez 100.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko du proiektuko, eta, lankidetza-proiektuen kasuan, 50.000 eurokoa partaide bakoitzeko.

Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuen laguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, erakunde eskatzaileak laguntza eskatzen duen datatik aurrera hasten diren proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte laguntzok.

3.- Interes bereziko ekintza osagarriak:

Berrikuntzako Tarteko Erakundeek esklusiboki garatutako proiektuak dira:

  • Prospekzio eta eskari goiztiarreko azterlanak egitea, edota ikuskaritza teknologikoa.
  • I+G+Bko proiektuak prestatzen lankidetza teknologikoa emateko eta aholkularitzari laguntzera bideratutako ekintzak.
  • Indarrean den ZTB estrategiarekin lotutako zabaltze-jardunaldiak edota -jarduerak
  • I+G+B jakintzaren transferentzia kudeatzeko eta jakintza balioesteko jarduerak
  • I+G+B nazioartekotzeko jardueretan parte-hartzea sustatzea

Jarduera osagarriak Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasotako espezializazio-esparruekin lerrokatuta beharko dute egon.

Programa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian uztailaren 29an argitaratu ostean jarriko da indarrean.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow