Eusko Jaurlaritzak berriro ireki du Renove Makineria Industriala Programa 8 milioi euroko zuzkidurarekin

13 apirila, 2016
Arantxa Tapia sailburua.

Azken bi urteotan 691 euskal enpresak jaso dituzte programako laguntzak eta eragindako inbertsioa 190 milioi eurotik gorakoa izan da. Produktibitatea eta personen segurtasuna hobetzea du helburu Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatu eta enpresen garapenerako SPRI agentziak kudeatutako programa horrek.

 

Eusko Jaurlaritzak berriro ireki du Renove Makineria Industriala Programa, hots, euskal industriaren produktibitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzeko apustua. Aurten programa horrek 8 milioi euroko zuzkidura dauka, 2015ean bezala alegia, iaz eragindako inbertsioa ia 83 milioi eurokoa izan zelarik.

 

2014an martxan jarri zenetik 691 euskal enpresak (2014an 420 eta 2015ean 271) jaso dituzte programa horren diru-laguntzak eta eragindako inbertsioa 190 milioi eurotik gorakoa izan da bi ekitaldi horietan (2014an 107,7 milioi eta 2015ean 82,9 milioi).

 

Sektorearekin batera diseinatu eta baloratutako programa bat da, eta helburutzat dauka enpresetako aktiboen zati bat berritzea

Programa hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatzen du eta enpresen garapenerako SPRI agentziak kudeatzen du. Sektorearekin batera diseinatu eta baloratutako programa bat da, eta helburutzat dauka enpresetako aktiboen zati bat berritzea eta makinak puntuan jartzea ikuspegi guztietatik, betiere produktibitatea hobetuz eta pertsonen segurtasuna zainduz. Programa beraizik zuzendurik dago makinak berritzeko premia duten ETEei, programa honen bidez berritze eta modernizazio prozesuei ekin diezaieten.

 

Laguntzak eskatzeko epea apirilaren 13an (asteazkena) zabaldu da, programa Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta azaroaren 11n itxiko da, edo lehenago aurrekontua agortzen bada, euskal enpresa askok eskatzen dituztelako horrelako laguntzak.

 

Produktibitatea eta segurtasuna hobetzeko makina berriak

Renove Programa honen helburu nagusia da euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzea, eta horretarako, industria arloko enpresen produkzio-ekipamenduak modernizatuko dira eta lan arloko segurtasun- eta osasun-arauetara egokituko dira, makina berriak erosiz, enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

 

Osalanek, erakunde laguntzaile den aldetik, lan esparruko segurtasun- eta osasun-agiriak eta dagokion dokumentazio teknikoa aztertuko ditu, eta horrez gain, makinak ikuskatuko ditu. Gero, txosten bat igorriko dio SPRIri, eta bertan, ikuskapena egiaztatzeaz gain, haren segurtasun-baldintzak betetzen diren ala ez adieraziko da.

 

70.000 eurorainoko diru-laguntza makina bakoitzeko

Makina berriak 70.000 euro balio behar du gutxienez (BEZa kontuan hartu gabe). Erosketa-kontzeptuan egiaztatutako gastuaren %15eko diru-laguntza emango da; gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina bakoitzeko, eta 100.000 euro enpresa bakoitzeko (diru-laguntza erosketa bat baino gehiagorentzat den kasuetan).

 

Diru-laguntza jaso dezaketen makina motak

Diru-laguntza jaso dezaketen makinak jarduera hauetarako izango dira: produktuak eta materialak ontziratu eta enbalatzeko; lehengaiak eta produktu erdilanduak eraldatzeko; eta enpresaren ustiaketa ekonomikoaren produkzio-prozesuen manipulazio automatikorako.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow