#EuskalHack, Hacking Etikoaren Euskadiko lehen Kongresua Donostian

13 May, 2016

Datorren Ekainaren 18an egingo da EuskalHack Security Congress. Kongresuak hitzaldi-egitarau zabal bat eta publikoari irekitako 2 tailer eskainiko ditu.

EuskalHack Donostian jaiotako elkarte bat da, informatikako segurtasunaren ikerketa arloko profesionalez osatua dagoena, eta helburutzat duena ezagutza partekatzea ikuspegi etikotik. Irabazi asmorik gabeko erakunde horrek xedetzat du segurtasun digitala bultzatzea era askotako publikoaren artean; eta horretarako antolatu du, lehenengo EuskalHack Security Congress ekitaldia.

Topaketa ekainaren 18an egingo da Donostiako Olarain ikastetxe nagusian, eta, segurtasun digitalaren arloko tresna berritzaileak emango dira ezagutzera, egitarau zabal baten bitartez. 15 hizlari ariko dira, askotariko gaiei buruzko 10 hitzalditan: Gauzen Internet, dron bidezko zaintza, ikerketa teknologikoko neurriak edota mehatxu nagusiak. Segurtasun informatikoko profesional adituez eta enpresa espezializatuez gain, topaketan baita ere parte hartuko du Estatuko Fiskaltza Nagusiko Krimen Informatikoen Zerbitzuko kide batek.

Hitzaldien egitarauaz gain, EuskalHack Security Congress ekitaldian doako bi tailer antolatuko dira, biak publikoari irekiak, baina joan nahi duenak izena eman beharko du aldez aurretik. Lehenak Familiarízate en 3.0 du izena, eta Ertzaintzako Delitu Informatikoen Unitateak emango du. Lehen hezkuntzan seme-alabak dituzten familiei zuzenduta dago, teknologia berriek berekin dakartzaten arazo eta aukerak ezagutu ditzaten. Adin txikikoek gehien erabiltzen dituzten tresna digitalak aztertuko dira, eta baita ere arriskuak prebenitzeko eta horien aurrean erreakzionatzeko giltzarriak.

Jabi Luengo, Hirukide eskolako irakasleak eskainiko du bigarren tailerra: Eingo al deu? – ¿nos lo montamos?. Jarduera horretan maker kulturaren hastapenak azalduko ditu, hardware libreko plataformen erabilpenean (Arduino, Raspberri Pi edo Photon) oinarritutako adibide praktikoen bitartez. Bestalde, kongresura hurbiltzen direnek aukera izango dute hacking-erronka batean parte hartu eta beren gaitasunak proban jartzeko. Jardunaldia amaitzean, hacker etiko onenek sariak jasoko dituzte.

EuskalHack hacking etikoaren arloko Euskadiko lehen elkartea da, eta, hain zuzen, sortu zen segurtasun digitala sustatzeko mota guztietako publikoaren artean, bai adituen eta bai hasiberrien artean. Izena emateko epea zabalik dago ekitaldiaren atarian.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow