Euskal industriak indartu egin du 2014an enplegua sortzen duten proiektu teknologiko eta berritzaile berriekin arriskatzeko gaitasuna

15 June, 2015

Hazi egin da Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gauzatu programara (Ekonomia Suspertzeko Programaren tresna sendoa) zuzendutako proiektuen kopurua.  44 proiektu berri jarri dira martxan (15 teknologiko eta 29 berritzaile) eta 1.708 lanpostu mantendu eta 531 berri sortu dira, 91,02 milioi euroko inbertsioa egin delarik hori guztia lortzeko.    Eusko Jaurlaritzak bihar Kontseiluan aurkeztuko du 2015erako deialdi berria.

Euskal industriak erakutsi du gai dela enplegua sortzen eta mantentzen duten negozio teknologiko eta berritzaile berriekin arriskatzeko. Izan ere, hazi egin da SPRI Taldeak kudeatutako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Gauzatu-Industria programan aurkeztu eta onartu den proiektu kopurua. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Suspertzeko Programako tresna sendoenetako bat da Programa hau, eta iaz ikusi ziren susperraldiaren lehenengo zantzuak.

2014an 44 proiektu berri jarri dira martxan (15 teknologiko eta 29 berritzaile) eta 1.708 lanpostu mantendu eta 531 berri sortu dira, 91,02 milioi euroko inbertsioa egin delarik hori guztia lortzeko. Eusko Jaurlaritzak 25,94 milioi euroko aurrerakin itzulgarriak eman ditu baldintza hauekin: 3 urterainoko epea inbertsioa gauzatzeko, 10 urte aurrerakina itzultzeko eta 36 hilabete gutxienez 3 enplegu sortzeko.

Zehazki, aurkeztutako eta onartutako proiektuen arloan eginiko inbertsio industriala aurreko urtekoa baino %3 handiagoa izan da eta mantendutako enplegua %15,41 igo da.

Lurraldeka, 44 proiektu horietatik 20 Bizkaikoak izan dira, 19 Gipuzkoakoak eta 5 Arabakoak. Aurrerakin itzulgarri horiei esker, euskal enpresek 31,27 milioi euro inbertitu dituzte Bizkaian, 46,57 milioi Gipuzkoan eta 13,19 milioi Araban.

Enpleguari dagokionez, 353 enplegu mantendu dira Araban, 679 Gipuzkoan eta 676 Bizkaian; eta 54 sortu dira Araban, 237 Gipuzkoan eta 240 Bizkaian.

Onartutako 15 proiektu teknologikoetatik, 10 Bizkaikoak izan dira eta 5 Gipuzkoakoak; eta berritzaleen artetik, 14 Gipuzkoakoak, 10 Bizkaikoak eta 5 Arabakoak.

Gauzatu-Industria

GAUZATU-Industria programa ETEei soilik bideratuta dago. Bere helburua da oinarri teknologiko edota berritzaile handiko enpresetan ekintzailetzan jarduteko edo arriskatzeko gaitasuna hobetuko duten baldintzak markatzea eta babestea. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren asmoa da enpresek produktu berriak garatu ditzatela edo produktu tradizionalak sartu ditzatela merkatu berrietan, edo hobekuntza teknologikoak lortu ditzatela euskal enpresen produktibitatea handitzea helburu duten fabrikazio prozesuetan. Ildo horretakoak dira informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) eginiko inbertsioak ere.

Laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa egin behar dute eta gutxienez 3 lanpostu sortu beharko dituzte 36 hilabeteko epean. Jaurlaritzak enpresa berri hauei ematen dien laguntza gehienez inbertsioaren %35ekoa da eta 1,5 milioi euroko muga izango dute proiektuko.

Hala, Eusko Jaurlaritzak, ekonomia suspertzeko politikaren ildotik, finantzaketa formulak bultzatzen jarraitzen du, enpresek baliabideak lortu ditzaten jarduera ekonomikoa sortzeko Euskadin.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow