Euskal enpresak liderrak dira nano-teknologia eta garraiorako  berrikuntza arloko Europako laguntzetan

24 June, 2016

Euskadiko 165 erakundek, horietatik 118 enpresak, 192,8 milioi euroko diru-laguntzak jaso dituzte Horizontea 2020 programaren barruan, hau da, 2014-15. urteetan ikerketa, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko egin den munduko inbertsio plan publiko handienean.

Euskadik 192,8 milioi lortu ditu, eta Euskadik baino askoz ere biztanle gehiago dituzten Kataluniak (309,2 milioi) eta Madrilek (266,5 milioi) bakarrik gainditu dute kopuru hori. Estatu osoan 1.300 erakundek 1.101 milioi euroko diru-laguntzak lortu dituzte

 

Horizontea 2020 programak 2014 eta 2015. urteei buruz emandako datuen arabera, euskal enpresak liderrak izan dira Europatik nano-teknologia eta bio-teknologiarako eta garraio adimendunerako (ekologikoa eta integratua) eman diren berrikuntza arloko finantza laguntzetan. Horizontea 2020 da ikerketa, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko munduko inbertsio programa publiko handiena. Europako Batzordeak 80.000 milioi euro ditu programa hori  2014-2020. epean gauzatzeko. Diru hori berrikuntza prozesuetako etapa guztietarako finantzaketa emateko erabiliko da, hasi oinarrizko ikerketatik eta produktua merkaturatu arte.

 

[pullquote]Eusko Jaurlaritzak sustapen-lan handia egiten du euskal enpresek Europako laguntza programetan parte har dezaten[/pullquote]

Eusko Jaurlaritzak sustapen-lan handia egiten du euskal enpresek Europako laguntza programetan parte har dezaten SPRI Taldearen, hots, enpresen garapenerako agentziaren bitartez. SPRIk, Basque Enterprise Europe Network (EEN) partzuergoko koordinatzaile den aldetik, dibulgazio eta eztabaida jardunaldiak antolatzen ditu urtero Euskadiko konpainientzat. Aurkeztutako planen artean nabarmentzekoak dira ETE Tresna  eta  Fast Track to Innovation-FTI ekintza pilotua, biak ere Europar Batasunak sortutako instrumentuak eta helburutzat dutenak Horizontea 2020 programan integratutako berrikuntza ekintzak finantzatzea.

 

165 erakundek hartu dituzte diru-laguntzak (horietatik 118, enpresak), guztira 192,8 milioi euro. Diru-laguntzak jaso dituztenen artean aipatzekoak dira: Tecnalia Fundazioa (78 proiektu), Euskal Herriko Unibertsitatea-EHU (22 proiektu) eta IK4-Tekniker (11 proiektu). Enpresen artean, hauek nabarmentzen dira: Mondragon Taldea (5 proiektu), Aernnova (4 proiektu) eta Giroa (3 proiektu). Azkenik, erakunde hauek lortu dute iItzulera handiena: Tecnalia, ITP, Aernnova, EHU eta IK4-Cidetec eta IK4-Tekniker fundazioek. Enpresek %49tik gorako itzulera lortu dute.

 

Finantzaketa osoa hogei bat esparrutan banatu da: osasuna, elikadura segurtasuna, energia, ingurumena, IKTak edo ikerketa azpiegiturak, e.a., eta Euskadiko erakundeek hirugarren finantzaketarik handiena lortu dute. Euskadik baino askoz ere biztanle gehiago dituzten Kataluniak (309,2 milioi) eta Madrilek (266,5 milioi) bakarrik lortu dituzte 192,8 milioi baino gehiagoko diru-laguntzak. Esaterako Andaluziak, Euskadik baino lau bider biztanle gehiago izan arren, 74,1 milioi lortu ditu, erdia baino gutxiago. Horizontea 2020 programak Espainia osorako eman duen finantzaketa osoaren %17,5 joan da Euskadira; bakarrik Kataluniak (%28) eta Madrilek (%24) gainditu dute portzentaje hori.

 

Estatu osoan, 1.300 erakundek 1.101 milioi euroko diru-laguntzak eskuratu dituzte. Hala, Espainia izan da ETEentzako finantzaketa gehien lortu duen Europako herrialdea, eta bigarren postuan kokatu da energia eta nano-teknologia eta bio-teknologia esparruetan. Guztira, 1.657 proiektu finantzatu dira.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow