Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Liburu Zuriak sektorearen inpaktua eta erronkak aurkeztu ditu

29 December, 2015

Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokiak ikerketa bat egin du aztertzeko Euskadiko 3.500 antolakunde sozialek egiten duten ekarpen soziala. Txosten horren bidez balioan jarri nahi izan da beren lana, eta, halaber, etorkizuneko erronka garrantzitsuenak ezarri dira. 400 antolakunderen parte-hartzearekin osatu da argitalpena, eta jada eskuragarri dago Behatokiaren atarian.

Erakunde multzo hori aztertzeko lehen urratsa da Hirugarren Sektore Sozialari definizio komun bat ematea. Liburu Zuriak dioenez, gizarte zibileko ekimen independenteak dira, irabazi asmorik ez dutenak eta oro har borondatezkoak, zeintzuen helburua baita kalteberatasun, bazterkeria edo ezgaitasun egoeretan dauden pertsona edo kolektiboen gizarteratzea sustatzea eta beren eskubideak defendatzea.

Balioespenen arabera, baldintza horiek betetzen dituzten 3.500 antolakunde inguru daude Euskadin. Horietatik %57 Bizkaian daude, %29 Gipuzkoan eta %14 Araban. Erakunde gehienek -10etik 8k- EAEn egiten dute lan. 36.000 lagun enplegatzen dituzte eta 125.000 boluntarioren parte-hartzea dute. Ikerketaren arabera, 1.451 milioi euroko bolumen ekonomikoa kudeatzen dute, Euskadiko BPGaren %2,2. Hala ere, 3.500 antolakunde horien ia herenak 12.000 euro baino gutxiago kudeatzen ditu urtean.

Krisiak eragina izan du sektorean, bai finantzen arloan eta baita ere zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen profilari dagokionean. Liburu Zuriaren arabera, %52ren erabiltzaile kopurua handitu egin da, eta gainera, premiak aldatu direla ere antzeman dute. Finantzaketa globalaren %45 pribatua da eta  %55 publikoa. Azken urteotan apur bat murriztu da finantzaketa publikoa, baina pribatua mantendu egin da.

Liburu Zurira bildu dituzte baita ere antolakundeek  egungo eta etorkizuneko testuinguruei aurre egiteko detektatu dituzten erronka nagusiak. Ikerketak hamar helburu handi nabarmendu ditu, eta horien artean daude, besteak beste, hiritarrekin konektatzea, sektorearen ezaugarriak eta aniztasuna indartzea, sostengarritasun ekonomikorantz aurrera egitea eta gardentasuna bermatzea. Horrez gain, argitalpenaren amaieran zenbait gomendio ematen dira helburu horiek lortzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow