Euskadik aukera-esparru gisa sustatu nahi du elikadura-berrikuntza

13 abendua, 2017
Planta en laboratorio
EIT Food.

Eusko Jaurlaritzak hainbat proiektu finantzatuko ditu elikadura arloko teknologiak ikertzeko

 

Elikadura da RIS3 Euskadi – Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategian jasotako aukera-esparruetako bat. Ibilbide luzeko sektore bat da, berritzeko eta negozio-eredu berriak sortzeko gaitasuna duena eta, aldi berean, osasunarekin lotutako beharrizan sozialei erantzuten diena. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak hainbat ikerketa proiektu finantzatuko ditu elikadura-teknologien sektorean, AZTI – Tecnalia zentroaren bitartez.

 

Horietako bat da EIT Food proiektu europarra. 2017an abiarazitako ekimen hori Europako 17 herrialdetako 50 bazkidez osaturik dago, horien artean jakintzaren triangeluko hiru ordezkariak: enpresak, akademia eta ikerketa-zentroak. EIT Food proiektuaren helburua da elikadura-sistemaren eredu berri bat ezartzea, eredu horren bitartez nutrizio osasuntsua ahalbidetzeko eta enpresa proiektu berrien sorrera bultzatzeko.

 

Partzuergoaren hegoaldeko gunearen egoitzetako bat Euskadin egongo da, hain zuzen AZTI teknologia-zentroan, eta bertatik bultzatuko dira ekintzailetza- eta berrikuntza-jarduera guztiak. Maila globalean, proiektu europarrak helburu handiak markatu ditu datozen 7 urteetarako: elikadura-berrikuntzan jardungo duten 350 startup sortzea; 10.000 ikasle prestatzea programa espezializatuen bidez; eta 290 produktu, zerbitzu eta prozesu berri edo hobetu garatzea. Pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeari dagokionez, EIT Food ekimenak hainbat helburu estrategiko jarri ditu, hala nola: elikagai osasuntsu eta merkeak sortzea; ekonomia zirkularrean oinarritutako eredu bat ezartzea eta gardentasuna hobetzea.

 

2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak finantzaketa jarriko du beste bi proiektutarako: haurren eta gazteen obesitatea diagnostikatzeko eta prebenitzeko plataforma digital bat, eta kontsumitzaileengan zentratutako ikerketa-laborategi bat. Consumer Lab horren helburua izango da hiritarren beharrizanen araberako produktu eta zerbitzu berriak garatzea, beti ere kontuan hartuz osasuna eta esperientzia bezalako alderdiak.

 

Euskadiko nekazaritza- eta elikadura-sektorearen babesa aukera gisa jasota dago 2017-2020rako Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoan, zeina Eusko Jaurlaritzako Ekonomi eta Azpiegitura Sailak aurkeztu baitu aurtengo irailean. GEPEk helburu nagusitzat du sektoreko eragile guztien lehiakortasuna hobetzea, bide horretatik, are gehiago handitzeko elikadurak eta gastronomiak BPGaren barruan duten portzentajea, gaur egungo %10,5etik %12ra igaroz datozen 4 urteetan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow