Euskadik osasun arloko TITTAN berrikuntza proiektuan parte hartzen du

12 July, 2016

Ekimen europar horren helburua da zahartze osasuntsua sustatzea.

 

Europako biztanleria zahartzen ari da. 2010ean, 65 urtetik gorakoak biztanleria osoaren %14 ziren; 2050ean, ordea, biztanle guztien laurdena izango dira. Neurri handi batean aurrerapen medikoei esker luzatu dugu gure bizi-itxaropena, baina horrek bere horretan ez du esan nahi ongizatea eta independentzia izango ditugunik urte horietan guztietan. Europako TITTAN proiektuaren helburua da konponbide berritzaileak garatzea zahartze aktibo eta osasuntsua izateko.

 

Proiektu horren asmoa da sare bat sortzea Europako zazpi eskualderen artean ezagutzak trukatzeko. Euskadi da horietako bat, eta BIOEF Fundazioak (Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna euskal fundazioa) ordezkatzen du. Galiziako Osasunaren Ezagutza arloko Agentziak zuzentzen du proiektua, eta bertan parte hartzen dute, halaber, Italia, Alemania, Eskozia, Polonia eta Holandako osasun arloko ikerketa zentroek.

 

TITTAN ekainean abiatu zen, eta oinarrizko hiru helburu ditu: jardunbide egokiak trukatzea berrikuntza teknologikoak eta osasun arloko berrikuntzak aplikatzeko kanpotik osasun sistemetarantz –esaterako, erosketa publiko aurre-komertziala, ko-sorkuntzako programak eta lankidetza publiko-pribatua-; ezagutzak transferitzea osasun sistemetatik kanporantz, berrikuntzako ekosistemak sortuz; eta, azkenik, hiritarrak kontzientziatzea, pazienteak ere inplikatuz konponbideak diseinatzeko prozesuetan.

 

Planaren lehen fasean esperientziak trukatuko dira horretarako antolatutako topaketa eta lantaldeetan, ekintza plan bat diseinatzeko. Bigarren fasean, garatutako planak inplementatu eta monitorizatuko dira. Proiektua 2020ko irailean amaituko da, eta 1,7 milioi euroko aurrekontua jasoko du Europar Batasunaren Interreg Europe programatik. Euskadiko hainbat interes-taldek ere parte hartuko dute partzuergoan, besteak beste, hauek: Tecnalia, IK4, Mondragon Health, UPV/EHU eta Deustuko Unibertsitatea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow